Aurtengo Araba Euskarazek badu kanta ofiziala: Eh Mertxe! taldeak ondutako Mugaezin abestiak rock-and-roll doinuak jarri dizkio aurtengo edizioari. Gaur goizean aurkeztu dute, Gasteizen, Araba Euskarazen bizkarrezurra izango den abestia.
Oiongo San Bizente ikastolako ikasle ohi eta egungo irakasle Ibai Landak idatzi du kanta. Bertan, euskarak "mugarik" ez duela aldarrikatu du, euskararen periferiatik "harresiak hautsi" zizkiotelako. Gauzak hala, "periferia" horretatik bertatik euskara "erdigunera" eraman dutela azpimarratu nahi izan du.
Landa Eh Mertxe! taldeko kidea ere bada. Harekin batera dira Adrian Cabañas, Iosu Martinez eta Ivan Aranbarri; guztiak ikastoletako kide ohiak dira, eta rock-and-roll banda "zitala" osatzen dute.
Antolatzaileen esanetan, batetik "aniztasuna" islatu nahi izan dute abestian, "horrelakoa baita Oiongo San Bizente Ikastola: jatorri ezberdineko kidez osaturiko komunitate bat". Bestetik, Arabako ikastolen arteko batasuna azpimarratu dute, hirugarren aldia baita ekitaldi bateratua antolatzen dutena.
Bideoklipa auzolanean egin dela nabarmendu dute antolatzaileek; izan ere, San Bizente ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoek parte hartu dute grabaketan. Lander Etxedona ikasle ohiak egin du errealizazioa.
Mugaezin
Arnasgunea Arabako Errioxan
Gure hizkuntzaren hesiak bota zituena
Ebro ibaiaren ertzean bere atea
45 urtez irekia
Zortzien lankidetza beharrezko energia
ikastolen magia gure mingainak dantzan jartzea
MUGAEZIN ARABAN EUSKARA
MUGIMENDU ETENGABEAN
MAHASTI ARTEAN JAIOTAKO EKILOREAK
OIONEN DU BERE ETXEA
Mugagabea herriko ikastola
Izaeraz hautsitzailea izan dena
Bere ikasleak izandako ume bezala
Euskaraz abestearen motiboa
Eskualdeko birika bizia
Nortasunean harrotasunez jantzia
MUGAEZIN ARABAN EUSKARA
MUGIMENDU ETENGABEAN
MAHASTI ARTEAN JAIOTAKO EKILOREAK
OIONEN DU BERE ETXEA