Francesca Albanese Nazio Batuen Erakundeko Palestinako giza eskubideen egoerari buruzko errelatore bereziak Unibertsitatea genozidioaren aurrean izeneko bideo-konferentzia eskainiko du asteazkenean, apirilaren 10ean, 12:00etan, eta estatuko hainbat unibertsitatetan batera jarraitu ahal izango da.
Palestinaren aldeko Unibertsitate Sareak antolatu du ekitaldia, Albanesek Genozidio baten anatomia txostena argitaratu eta egun gutxira. Nazioarteko Zuzenbidea oinarri, Gaza eta Zisjordaniako egoeraren analisia egingo du errelatoreak. Konferentziaren ostean, solasaldia izango da bertaratutakoen artean.
Bideokonferentzia EHUren Arabako Campusean jarraitu ahal izango da, Letren Fakultateko gradu aretoan, eta, Bizkaiko Campusean, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Palestinaren aldeko Unibertsitate Sareak ahots bateratua altxatzeko eskatu dio unibertsitate-komunitateari, "Israelek Palestinan egindako genozidioaren aurrean Nazioarteko Zuzenbidearekin bat datorren erantzuna emanez".