Aldez aurreko kontsultan jarri du Arabako Foru Aldundiak mendi lasterketak eta ingurune naturalak erabiliz praktikatzen diren kirol jarduerak mugatzeko proiektua. Lehen urratsa da dekretua onartu aurretik; eta kontsulta horretan, iritzia azaltzeko eskatzen zaie etorkizuneko arauaren eragina jaso lezaketen herritarrei eta erakundeei.
Herritarrek, erakundeek eta elkarteek gaiari buruz duten iritzia adierazi ahal izango dute apirilaren 19ra arte, aurrezkontsultak@araba.eus helbidean.
Mendiko lasterketak eta mota horretako kirol proben masifikazioak eragiten duten kaltea da ekimenaren atzean dagoen arrazoi nagusia: "Azken hamarkadetan nabarmen hazi da naturaguneetara era guztietako jarduerak egitera joaten diren pertsonen kopurua, kirol jarduerek gero eta garrantzi handiagoa baitute bertan. Mendi lasterketen kasu zehatzari dagokienez, duela urte batzuetatik hona fenomeno masifikatua bilakatu dira askotan, eta horrek eragin negatiboa izan dezake espazio, mendi, enklabe edo espezie jakin batzuen kontserbazioan".
Mendiko lasterketak mugatzeko dekretuaren helburua kirol jarduerek natura inguruneko natura baliabideetan izan ditzaketen inpaktuak minimizatzea da; eta kirol edo aisialdi jarduera kolektiboak lurraldeko beste erabilera batzuekin eta natura ondarearen kontserbazioarekin bateragarri egitea.