Emakumeen kirola sustatzeko 60.000 euroko partida mantenduko du Arabako Diputazioak

Erredakzioa 2024ko api. 9a, 15:48

Gasteizko Hazten Kirol Klubeko kirolariak. HAZTEN

Sei laguntza lerro iragarri ditu Kirol sailak. Guztira 814.237 euro banatuko dira herrialdeko federazioen eta kluben artean.

Federazioena, klubei laguntzekoa, emakumeen kirola, kirol egokitua eta aisialdikoa, eta Kirolarabako goi mailako diru laguntza lerroak argitaratu ditu Arabako Foru Aldundiko Kirol sailak. Eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izango da ALHAOn argitaratzen denetik aurrera (aisialdi kirolaren diru laguntza izan ezik). Guztira, 814.237 euro banatuko dira guztien artean.

Emakumeen kirola sustatzeko 2024ko diru laguntza 60.000 eurokoa da, bi partidatan banatuta. Hala, Arabako kirol erakundeek emakumeen kirola babes dezaten 30.000 euro zuzendu ditu Kirol sailak; eta beste 30.000 euroko partida onartu dute emakumeen kirol federatua babesteko. Zenbatekoak, ondorioz, aurreko urteko berdinak dira.

Kirol federazioak

Bestalde, Arabako Kirol Federazioentzako 2024ko diru laguntzen deialdiarekin, funtzionamendu gastuak (langileak, erakunde laguntzaileak…), bulego gastuak, kirol jarduera mota guztien garapena osatzeko gastuak eta San Prudentzioko txapelketak antolatzeko gastuak hornituko dira. Laguntza honela banatuko da: 3.000 euro eskaera aurkezten duten kirol federazio guztientzat, 750 euro San Prudentzio txapelketa bakoitzerako (gehienez 26.250 euro), eta 6.000 euro ere erreserbatu dira euskara ikastaroekin lotutako gastuetarako. Gainerakoak proiektuaren arabera aldatzen dira.

Klubentzako laguntza

Kirol klubak eta elkarteak mantentzeko eta emakumeen kirol federatua sustatzeko, guztira, 125.000 euro banatuko dira. Esan bezala, horietatik 30.000 euro emakumeen kirolerako gordeko dira, erakunde bakoitzaren emakumeen lizentzia guztien artean banatzeko, kontuan hartuta kirol federatuan oraindik ere genero arrakala handia dagoela. Beste 95.000 euro banatuko dira erakunde bakoitzeko lizentzia guztien artean, emakumezkoenak zein gizonezkoenak izan.

Halaber, irabazteko xederik gabeko erakundeen eta kirol elkarteen bitartez, kirol egokitua garatzeko eta kiroletan inklusioa sustatzeko 60.000 euroko diru laguntzak banatuko dira; eta beste 20.000 euro kirol jarduera ludikoak garatzeko.

Kirolaraban, 210.000 euro

Kirolaraba Fundazioaren 2024rako Goi Mailako Klubei laguntzak emateko deialdiaren barruan,  Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko enklabean kokatuta dauden kirol klub edo elkarteei laguntzak ematea aurreikusi dute, baldin eta kategoria absolutuan goi mailako taldeak badituzte. Laguntza horren helburua da baldintzak betetzen dituzten klubek beren jarduerak garatzeko behar beste baliabide izatea. Horretarako, 210.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute, 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitarteko gastuetarako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago