"Urritzat" jo dute Gasteizko Mendien babesa zabaltzeko proposamena

Erredakzioa 2024ko api. 9a, 13:42
Ekologistak ez daude ados Gasteizko Mendietarako proposatutako zabalpenarekin. Argazkia: AFA

Ekologistak Martxan erakundeak uste du Jaurlaritzak gaiaren bueltan hartu duen erabakiaren atzean Azazetako parke eolikoa babesteko asmoa dagoela.

Jaurlaritzak Gasteizko Mendietako Kontserbazio Bereziko Eremua 5.000 hektarea ingurura zabaltzeko asmoa duela ezagutu eta gero, Ekologistak Martxan talde ekologistak gogor kritikatu du erabakia, eta horren zabalpen "urria" egiteko hartutako erabakiaren atzean "irizpide politikoak" daudela uste du.

Ekologistek babes eremu hori are gehiago handitu nahi zuten —9.000 bat hektarea, ekialdera eta mendebaldera—, baina, helarazi duten ohar baten arabera, Jaurlaritzak uko egin die ekologisten proposamenei. Horregatik, uste dute proposamena Jaurlaritzak ingurumenaren alorrean egin duen "zentzugabekeria handienetakoa" dela, eta erabakiak "gako" diren hainbat zati alde batera uzten dituela. Horrek Arabako eta Euskal Herriko biodibertsitaterako "ondorio larriak" ekarriko dituelakoan daude ekologistak. 

"Proposamen horiek aintzat ez hartzeko Eusko Jaurlaritzaren erabakia interes politikoei dagokie, zientzia eta ingurumen irizpideei baino", kritikatu dute. Zehazki, sinetsita daude erabakiaren zio bakarra dela Azazetako parke eolikoari "eragozpenik ez jartzea". Hori dela eta, Jaurlaritza eskatu diote kontua berriz pentsatu dezala.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide