Gipuzkoa eta Bizkaian denbora bat eman ondoren, Arabara iritsi da Mikel Laboa izan liteke konstelazio, izan gabe izar… erakusketa. EHUko Arabako campuseko unibertsitate pabiloiko erakusketa aretoan ikusi ahal izango da, maiatzaren 16ra arte.
EHUren Mikel Laboa Katedrak bultzatu du sarrera librea duen ekimen hau, euskal abeslari ospetsuaren heriotzaren urteurrenean haren figura gogoratzeko. Katedrak berak sustatutako Ni ez naiz Mikel Laboa komikian abiatzen da erakusketa.
Komikiaren testuak Harkaitz Cano eta Unai Iturriagarenak dira, eta marrazkiak, berriz, Joseba Larratxe Josevisky-renak. "Abeslariaren unibertso pertsonal eta profesionalen arteko harmoniak agerian uzten du Mikel Laboak euskal kulturan izan duen garrantzia", nabarmendu dute antolatzaileek. "Ohiko biografia moldeetatik ihes" eginez, Laboaren kantuen "izpiritua, aldartea eta umorea" dira erakusketaren iparrak.