Piterman atxilotzeko nazioarteko agindua emango dute

Erredakzioa 2024ko api. 8a, 14:34
Dimitri Pitterman, artxiboko irudi batean.

Alaves taldeko presidente ohia auzi iheslari deklaratu dute gaur, haren kontra hasitako epaiketara ez baita azaldu.

Arabako Probintzia Auzitegiak nazioarteko atxilotze agindua emango du Dimitri Piterman Alaves taldeko presidente ohiaren kontra, gaur auzi iheslari deklaratu ostean. Horren arrazoia izan da 2005 eta 2007 tartean Alavesen jabe eta presidente izandakoa ez dela azaldu deklaratzera gaur deituta zuen epaiketara. Klubeko presidente aritu ostean, 24 milioi euroko zorra utzi zuen Pitermanek.

Defentsak argudiatu du belaun batean operazio baten zain dagoela Piterman, bihar Kalifornian egin behar omen diotena. Auziaren ardura duen Jesus Poncela epaileak, ordea, ez du onartu defentsak emandako argudioa, programatutako operazioa delako, eta Piterman auzi iheslaritzat hartu du. Ondorioz, atxilotzeko nazioarteko agindua emango dute datozen orduetan. 

Pitermanen agintaldian taldearen kudeaketaren ardura zuen Jose Nereo, berriz, epaiketara azaldu da. Epaileak ebatzi du bientzako auziak ebazteko dauden arren, Nereoren kontrako auzi partikularrak ere badirela, eta, hortaz, epaiketarekin jarraituko dutela. Hurrenez hurren, Nereoren aurka zazpi eta bederatzi urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte fiskalak eta akusazio partikularrak.

 

 
 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide