Aenkomer Arabako Merkataritza Federazioak Arabako Erakusleihoen XI. Lehiaketa jarri du abian, Arabako merkataritza "sustatu eta erakargarriagoa" egiteko. Lehiaketa horren barruan, euskara erakusleihoan txertatzea ere sarituko dute, eta Bai Euskarari Elkarteak emango du sari hori. 300 euroko saria eta plaka bana irabazi ahalko dituzte erakusleihoetan ere euskara aintzat hartzen dutenek.
Aurtengo edizioa, gainera, Loreen I. Jaialdiarekin batera egingo dute. Hori dela eta, antolatzaileek udaberria hartu dute gai nagusi gisa, eta erakusleihoak antolatzean loreak eta landareak egoteko eskatu dute. Aenkomerren barruan daudenentzat izen-ematea doakoa izango da, eta kanpo daudenek 40 euro ordaindu beharko dute, gehi BEZa.
Hilaren 25a baino lehen eman behar da izena. Lehen saria 800 eurokoa izango da, eta 500 eurokoa, bigarrena. Horrez gain, euskara erabiltzen dutenek 300 euroko saria irabazi ahalko dure ere. Lore edo landare gehien sartzeak 500 euroko saria ekar dezake, eta erakusleiho birtual onenak ere 300 euroko saria izango du. Herri bozketa ere egongo da, 250 euroko sariarekin.