Martxan dira Arabako aurrekontu parte hartzaileak

Erredakzioa 2024ko api. 5a, 15:26
Uraren Ibilbidea egokitzeko partida onartu zuten iazko aurrekontuetan. PHOT.OK

Apirilaren 26ra arte, arabarrek lurralderako ekimenak proposatu ahal izango dituzte.

Arabako Foru Aldundiak dagoeneko aurrekontu parte hartzaileen hirugarren edizioa ireki du. Apirilaren 26ra arte, arabar guztiek proposamenak egiteko aukera izango dute, 2025eko foru aurrekontuen parte izan daitezen. Iaz bezala, ia hilabete batez, Araban erroldatutako pertsona guztiek, hiriburukoek barne, interesgarritzat jotzen dituzten proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte lurraldeko lekuren batean. Hori bai, ondoren kuadrilla batean erroldatuta dauden pertsonek kuadrilla horretako proiektu finalistei bakarrik eman ahal izango diete botoa, eta Gasteizko herritarrek ez dute boto eskubiderik izango.

Aurrekontu parte hartzaileen lehen edizioan (2022), bi proiektu sartu ziren aurrekontuetan. Alde batetik, zenbait inbertsio Laudioko Lamuza parkearen inguruan, eta, bestetik, oinezkoentzako pasabide bat egitea A1 errepidean, Agurain parean. Iaz, ordea, hiru proiektu aukeratu ziren: Bernedoko gaztelua egonkortzea, Bergantzuko Uraren Ibilbidea 'green' egiteko proiektua, eta Lapuebla de Labarcan errota bat zaharberritzea.

Nork aurkeztu dezake proiektu bat?

16 urtetik gorako edozein pertsona, baldin eta Araban erroldatuta badago. Arabako Lurralde Historikoan eratutako edozein erakunde, nortasun juridikoa duena (elkarteak edo kolektiboak) eta lan eremua Araba duena.

Nork eman dezake botoa?

Araban erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako edozein pertsona, Gasteizen erroldatuta daudenak izan ezik.

Zer proposamen mota aurkez daitezke?

Legezko egintza direnak eta Arabako Foru Aldundiaren eskumenekoak direnak.

· Zehatzak izan beharko dute, xedea eta helburua argi utzita.

· Bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa bermatu beharko dute, eta inoiz ez dute eragingo gastua handitzea Arabako foru-administrazioak aurretik garatu dituen ekimenetan.

Nola?

Proposamena helbide honetan aurkeztuta: irekia.araba.eus,  edo Arabako edozein udaletako  erregistroan.

FASEAK

2024ko apirilaren 26ra arte: Proposamenak jasotzea.

Maiatzaren 24an: Jasotako proposamenak argitaratzea.

2024ko maiatzaren 27tik uztailaren 19ra: Gaian eskumenak dituzten foru-sailek balorazio teknikoa eta ekonomikoa egingo dute.

2024ko irailaren 20a: Bozkatu beharreko proiektuen behin betiko zerrenda argitaratzea.

2024ko urriaren 1etik azaroaren 8ra: Bozketa.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide