Lanean sexu jazarpenak prebenitzeko protokoloa onartuko dute Batzar Nagusiek

Erredakzioa 2024ko api. 4a, 15:17

Batzar Nagusien egoitza more kolorez argiztatuta.

Arabako Batzar Nagusien esparruan lan jazarpenak eta sexu jazarpenak ezabatzeko jarduera esparru bat zehaztuko da; eta ganberako funtzionarioei eta politikariei aplikatuko zaie.

Arabako Batzar Nagusien Berdintasun Taldeak lehentasunezko 18 ekintza ezarri ditu aurten garatzeko,  Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren barruan (2022-2025). Plan horretan jasotzen da, aurten bertan, protokolo bat onartuko dela sexu jazarpenak eta sexuan oinarritutako laneko jazarpenak prebenitzeko eta horietan jarduteko. Arabako Batzar Nagusien esparruan jokabide horiek ezabatzeko jarduera esparru bat zehaztuko da, horrenbestez; eta ganberako funtzionarioei eta politikariei aplikatuko zaie.

Berdintasun taldea lau aldiz bildu da urte honen hasieratik, eta bileretan ekintza-planaren egitura berria eta 2024. urterako kudeaketa plana landu dira. Egitura berriarekin, ardatzak ordenatu dira, ekintza batzuk birformulatu dira eta beste batzuei edukia eman zaie. Plana berrantolatu ondoren, taldeak egin beharreko proposamenei eman die lehentasuna, eta 2024an egin beharreko ekintza plana adostu du.

Ekintzak plan operatibo bat bermatzeko aurreikusita daude, ondo planifikatua eta plana garatzeko eta aplikatzeko behar besteko aurrekontuarekin. Horrela, planaren beraren komunikazioarekin, egutegiarekin eta zabalkundearekin lotutako ekimenez gain, taldeak identifikatuko ditu berdintasunaren eta genero ikuspegia integratzearen arloko prestakuntza beharrak, erakundeko langileentzat eta batzarkide taldeentzat egokiak direnak. Gainera, kontratuetan, diru laguntzetan eta hitzarmenetan sartutako berdintasun klausulak berrikusiko dira, beharrezkoa denean eguneratzeko.

Emakunderekin lankidetza ildo bat irekitzea ere aurreikusten du lantaldeak, baita berdintasunaren arloko esperientziak beste bi lurralde historikoetako batzar nagusiekin eta gertuko legebiltzarrekin partekatzeko jardunaldi bat ere. 

2023ko urriaren 31ko Mahaiaren erabakiz, Arabako Batzar Nagusietako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana dinamizatu, jarraitu eta ebaluatzeko lantaldearen osaera onartu zen. Lantalde hori EAJ, EH-Bildu, PSE, PP eta Elkarrekin Podemos taldeetako ordezkariek eta Idazkaritza Nagusiko lau funtzionariok eta Protokolo eta Komunikazio Zerbitzuko pertsona batek osatzen dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide