ELAk, LABek eta CCOOk apirilaren 2an eta 4an greba deitu dute aisialdi hezitzailearen eta animazio soziokulturalaren sektorean. Bostehun pertsona baino gehiagok lan egiten dute sektorean, besteak beste, Arabako erakunde eta administrazio publikoek azpikontratatzen dituzten kanpoko enpresetan. Hala, liburutegiak, ludotekak, topaguneak, Xtraclub-a, interpretazio zentroak, museoak, turismo bulegoak, udalekuak edota Gatz Harana dira zerbitzu horren parte.
Hitzarmenaren negoziazioan akordiorik ez dagoelako deitu dituzte greba egunak sindikatuek. Hala, gaur izango dute lehen greba eguna, eta goiz osoko egitaraua prestatu dute: 12:00etatik 14:00ak arte, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, antzerkia, jolastxokoa, aurpegi margoketa txikientzat eta hainbat ekintzen bidez aisialdi hezitzailearen garrantzia ikustarazi nahi dute sektoreko langileek.