⛅ EGURALDIA

Terrazak bai, aterkia ere bai

Erredakzioa 2024ko mar. 27a, 08:29
Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Zeru hodeitsuak eta zaparradak izango ditugu datozen orduetan, bai eta oso haizete indartsuak ere. Aste Santuan zehar giro hori mantenduko da, tenperatura nahiko baxuekin. 

Zeru hodeitsu edo oso hodeitsuak izango ditugu gaur, eta noizean behin zaparradak bota ditzake, batez ere arratsaldetik aurrera. Bereziki arratsaldeetan ere haize indartsua izango dugu, gaur zein bihar. Euskalmetek abisu horia eman du horregatik. Haizegune izan ohi ez diren tokietan 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke ufadak; haizeguneetan, berriz, 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeteek. Tenperaturak 2 eta 15 gradu artean ibiliko dira hiriburuan, baina Arabako zenbait puntutan adi egon beharko zaio izotzari.

Biharko, antzeko agertokia izango dugu, baina Eguzkia ere ikusi ahalko da. Zaparradak bota ditzake, eta elur kota 1.000 metroren bueltan ibiliko da. Haizea zakar mantenduko da, eta tenperaturen tartea 4 eta 17 graduren bueltan ibiliko da.

Gainerako Aste Santuari begira, batez ere ostiralean eta igandean espero izatekoak dira euri gehienak. Larunbata hodeitsua izango bada ere, egun horretan ez da euririk aurreikusten goizean, baina bai ekaitzak jotzeko arriskua arratsaldean. Oro har, tenperatura nahiko baxuak mantenduko dira jai egun guztietan.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide