Gasteizko lantegian mila milioi inguruko inbertsioa egingo duela jakinarazi du gaur Mercedes Benz multinazionalak. 2026tik aurrera furgoneta elektriko berriak ekoizteko instalazioak handitzeko eta egokitzeko lanak aurkezteko ekitaldia egin dute, agintarien aurrean, eta iragarpen hori egin du zuzendari nagusiak, Mathias Geisenek.
Obra horiekin, orain instalazioak dituen 696.000 metro koadroak 800.000 izatera pasako dira. Geisenek nabarmendu duenez, iazko lan urtea errekorra izan zen, 448.000 furgoneta saldu baitziren, aurreko urtean baino %8 gehiago, eta guztira 20.000 milioi euroko salmentak izan ziren.
Bernd Krottmayerr Gasteizko lantegiko zuzendariak Gasteizko lantegiaren "malgutasuna" nabarmendu du, ekoizpenaren eta merkatuaren beharretara egokitzeko. Iaz 157.000 unitateko errekorra izan zuen, eta urte "oso arrakastatsua" izan zen; lantegiak orain 5.000 lanpostu zuzen inguru ditu.
"Mugarri erabakigarria"
Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek lurraldearentzat "egun handia" dela adierazi aurkezpen ekitaldian, eta Mercedesek egingo duen inbertsioa txalotu: "Mugarri erabakigarria da duela urte batzuk hasi genuen prozesuan; lan handia egin ondoren, Euskadiko lehen ekoizpen lantegia sendotzea eta haztea dakar inbertsio honek". Etorkizunerako "kalitatezko enplegua" lortzeko lanean jarraituko dutela esan du, "aberastasuna gure lurralderako, ongizatea arabar guztiontzat".
"Langileen baldintzak"
LAB sindikatuak, bere aldetik, gaurko ekitaldian langileak aintzat hartu ez direla azpimarratu du ohar batean. "Goraipamenak egin dizkiote enpresa ereduari, hedapen planei eta abarri; baina, tamalez, beste behin ere etsipenez ikusten dugu hori guztia posible egiten duten pertsonak, Arabako fabrikako langileak, ez direla aipatzen", adierazi du. Sindikatuaren arabera, gainera, bisitaren bezperan Mercedesek eta enpresa batzordeak akordio bat lortu zuten, eta, horren arabera, enpresak lanaldiak eten ditzake, aldi baterako lan-erregulazioa aplikatzea saihesteko. "Orain dela gutxi arte enpresan imajinaezinak ziren baldintzetan egindako akordioa da hau, batzordeko gehienek eskubideak galtzea babesten baitu onura pertsonalen truke".