Udaberriarekin batera udako arropa armairutik atera eta garbigailuan sartzen hasiak zirenen tristurarako, toki garaietan sarraldi azkarra egingo du gaur elurrak: elur kota 600-800 metro inguruan koka daitekeela ohartarazi du Euskalmetek, 0 eta 5 cm arteko lodierekin. Abisu horia eman du horregatik. Egunak aurrera egin ahala, baina, langa 1.000 metroren bueltan egongo da. Gainerakoan, zeru hodeitsuak izango ditugu, eta noizean behin zaparradak botako ditu, batez ere egunaren hasieran. Ondoren ostarteak zabalduko bide dira. Eolok mendebaldetik egingo du ufa, gogotsu. Tenperaturen tartea 1 eta 12 gradu artean mantenduko da Gasteizen.
Antzeko giroak segida izango du bihar. Zerua oso hodeitsu egongo da, eta eguerditik aurrera euria egin dezake, batez ere gauean. Elur kota 1.100 metrotik gora egongo da. Haizea hego-mendebaldetik ariko da, bolada oso gogorrekin. Tenperaturetan ere ez da aldaketa larregirik espero, asteazkena 1 eta 13 gradu artean ibiliko baita.