OTSO vi half Gasteiz izeneko triatloi probaren III. edizioa ekainaren 1ean egingo dute, gaur ezagutzera eman dutenez. Izena emateko epea maiatzaren 30ean amaituko da, eta, gaurdaino, 600 kirolari inguruk eman dute izena. Orotara, 800 plaza egongo dira.
Kirolariek 1,9 kilometro egin beharko dituzte igerian, Garaio parkean. Lautadan zehar 90 kilometro bizikletaz egingo dituzte, eta Gasteizen 21 kilometro ariko dira korrika.
Ana del Val Kirol diputatuak, Ana Lopez de Uralde Kirol zinegotziak, Daniel Solana Basquetour-eko zuzendariak, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak eta Alain Fontecha probaren zuzendariak aurkeztu dute proba, gaur Gasteizen egindako agerraldi batean.
Diputazioak zabaldutako prentsa ohar baten arabera, PTO Triatleta Profesionalen Erakundearen egutegian sartuta dago proba, eta, modu berean, puntuagarria da ere Espainiako distantzia ertain eta luzeko triatloiaren sailkapenerako. Azkenik, Distantzia Ertaineko Triatloiaren Arabako Txapelketaren "egoitza" ere izango bide da.
Ziurtatu dute bildutako diruaren "zati bat" haur minbiziaren aurkako Aspanafoa elkartearentzat izango dela. Modalitatearen eta dataren arabera, 155 eta 210 euro artean balio du izen-emate bakoitzak.