Laura Cancho L0pez Gasteizko IDarteko ikaslea da San Prudentzio eta Estibalizko Andra Mariaren 2024ko Arabako Jaiak iragartzeko lehiaketa irabazi duen kartelaren egileak. "Jaietan egiten diren jarduera tipikoenak modu dinamikoan bildu nahi izan ditut", adierazi du artistak.
38 parte hartzaile aurkeztu dira lehiaketara: 26 emakume eta 12 gizon. 23 arabarrak izan dira, 4 beste euskal probintzia batzuetakoak eta 11k kanpotik bidali zituzten eskaerak."Lehiaketa arrakastatsua izan da ereduagatik, parte hartzaile kopuruagatik eta lan finalisten kalitateagatik", azaldu du Ana del Val Kultura diputatuak. Zazpi eskaera Gazte kategoriarako izan dira, eta 31 kategoria orokorrerako. Gazte kategoria iaz jarri zen abian, eta diseinuarekin edo artearekin zerikusia duten ikasketak egiten ari diren 25 urtetik beherako pertsonentzat da, diseinatzaile gazteenak lehiaketetara aurkeztera animatzeko. Kategoria horretan, parte hartzaileek kartel proposamen bat aurkeztu behar dute. Kartelaren proposamena argitaratu gabea izan behar da, aurretik beste ezein lehiaketatan saritu gabea eta hautagaiak egina. Kategoria horretako irabazlea automatikoki kategoria orokorrean finalista izatera pasatzen da.
Zazpi eskaera jaso dira Gazte kategoriarako; eskatzaileetako lau emakumeak ziren, eta hiru gizonak. Laura Cancho Lopezen proposamena izan da irabazle.
Kategoria orokorra bi fasetan banatu da. Lehenengoa, hautagaitzak dosier bidez aurkeztea. Guztira 31 pertsonak aurkeztu dute hautagaitza. Bost ilustrazio edo diseinu izan behar ditu, eta haietatik gutxienez bi kartelak izan behar dira, azken artearen kalitatea eta pertsonaren ilustrazio laneko estiloa edo gaitasunak baloratu ahal izateko. Epaimahai profesional batek bost hautagai finalista aukeratu ditu.