Poesiaren Nazioarteko Egunarekin batera, Arabako 2023ko Literatura Sariak banatu ditu Arabako Aldundiak. Mikel Etxabururen Manttalingo alaba eta Maria Iratxe Oruetaren Paisaje con garza al fondo izan dira, hurrenez hurren, Champourcin poesia lehiaketaren lan irabazleak. Apirilerako argitaratuta egongo direla aurreikusi dute.
Ekitaldian, Ernestina de Champourcin sariak —"Ignacio Ernestina de Champurcin sariak", diputazioak zabaldutako prentsa oharraren euskarazko bertsioaren arabera— baino ez dituzte banatu. Izan ere, diputazioak gogora ekarri du Aldecoa lehiaketako euskarazko eta gaztelaniazko sariak esleitu gabe geratu zirela, epaimahaiek hala erabakita.
Ekitaldiaz baliatu dira ere gogoratzeko Euskarazko literatura sorkuntzaren Ignacio Aldecoa Bekaren oinarriak eta Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Sariaren 53. edizioan parte hartzeko aukera irekita dagoela oraindik.