⛅ EGURALDIA

Sargoria ate-joka

Erredakzioa 2024ko mar. 21a, 08:39
Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Egun eguzkitsua dator gaur ere, eta hala mantenduko omen da, antza, bihar arratsaldera arte.

Oraindik Korrikaren jarraipenaren ondorengo ajearen pean dauden euskal kazetarien artean sormen literarioa sustatu nahian, Euskalmet S.A.-k iragarpen telegrafikoa egin du gaurkorako. "Eguzkitsu egongo da orokorrean. Ipar-ekialdeko haizea nagusi. Tenperaturan aldaketa handirik ez". Listo. Tenperatura horiek 9 eta 24 gradu artean ibiliko direla gaineratuko dugu, demokrazia osasuntsu baten berme ei den laugarren boterearen kontsolamendurako.

Biharko, joko gehiago eman digute. Hala, goizean goiz sortu daitezkeen lainoen ondoren giro eguzkitsua geratuko dela esan dezakegu. Halere, arratsalde partean hodeiak ugarituko dira, eta arratsa heldu orduko zaparraden bitartez askatu daiteke egun beroan zehar bildutako hezetasuna. Eolo hegotik ariko da goizean, eta iparretik arratsaldean. Tenperaturak are gorago egongo dira, Gasteizen 10 eta 24 gradu arteko alde termikoa espero izatekoa delako.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide