Araban, apirilaren 8an hasiko da 2023ko ekitaldiari dagokion errenta aitorpenaren kanpaina. Egun horretatik aurrera eta ekainaren 25era bitartean, aitorpena Rentafacil modalitatearen bidez egin nahi duten zergadunek aukera izango dute egoitza elektronikoaren bidez proposamena egiaztatu eta onartzeko; edo, hala badagokio, aldatzeko, alokatutako higiezinen etekinei, ohiko etxebizitzaren alokairuaren kenkariari eta dohaintzengatiko kenkariari buruzko informazioa gehituta.
Egoitza elektronikotik kanpo aurrez aurreko aitorpena egin nahi dutenek, berriz, apirilaren 16tik ekainaren 16ra bitartean egin ahal izango dute; hau da, Foru Ogasunaren bulegoak (Gasteiz, Laudio eta Guardia) bi hilabetez izango dira martxan aurrez aurreko izapidetzeak egiteko.
Rentared modalitateko aitorpenak ere apirilaren 8tik aurrera egin ahal izango dira. Foru Aldundiaren pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren laguntza programaren bidez zergadunek egindako aitorpenak dira horiek.
Bestalde, aholkularitza eta kudeaketa bulegoek beren bezeroen errentaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenak aurkeztu ahal izango dituzte Rentaraba modalitatearen bidez, apirilaren 8tik aurrera.
Rentaraba eta Rentared modalitateetako aitorpenak bidaltzeko, baliozkoak izango dira Izenpek emandako BAK eta BAKQ identifikazio eta sinadura elektronikorako baliabideak, bai eta egoitza elektroniko horretan baliozkoa den beste edozein ziurtagiri digital ere.
Doako zerbitzu hori zergadun guztien eskura izango da, salbu eta 2023an jarduera ekonomiko batean aritu direnen, beren ohiko etxebizitza saldu dutenen, higiezinak alokairu turistikoan izan dituztenen, higiezinak edo akzioak saltzeko hiru eragiketa egin dituztenen eta merkataritza sozietateetako kotizatu gabeko partaidetzak saldu dituztenen kasuetan.