Euskara txertatzen ari diren 24 enpresek esperientziak partekatu dituzte

Erredakzioa 2024ko mar. 14a, 09:20

Euskara enpresetan txertatzen ahalegintzen ari dira Lanabes eta Eskuara proiektuen bidez. Argazkia: AFA

Astelehenean bildu dira Arabako Enpresen Foroan, Lanabes eta Eskuara programen babesarekin aurrera egiteko.

Eguneroko lanetan euskara txertatu nahi duten 24 enpresa bildu ditu Lanabes egitasmoak astelehenean Arabako Merkataritza Ganberan egindako topaketa batean. Enpresetan zein eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko eskura dauzkaten tresnen inguruan hitz egin dute foroan, eta esperientziak partekatu dituzte.

Antolatzaileek prentsa ohar batean nabarmendu duenez, bertaratutakoentzat "interes berezikoa" izan da IRSE eta EDIREN enpresen solasaldia, beren erakundeetan lantzen ari diren hizkuntza irizpideak gainerakoekin partekatu dituztelako.

EDIREN psikoterapiako kooperatibako Estitxu Sarachok azaldu du enpresako lan giroa gaztelaniaz zela nagusiki, baina belaunaldi berriek euskaraz hobe identifikatzen zutela elkar. Pertsonekin aritzen diren heinean, hizkuntzak lan-tresnak dituzte. "Orain arte lan asko geneukan eginda, baina ordenatzea falta zitzaigun; eta orain hizkuntzak modu kontzientean erabiltzen hasteko bidea hasi dugu", adierazi du Sarachok.

Esku-hartze sozialen arloan diharduen IRSE Araba kooperatibaren kasuan, Ane Agirrek dio orain arte euskaraz egiten zuten eskaintza "puntuala" zela. "Euskara gure erakundean txertatu nahi genuen, baina modu ordenatuan egin nahi genuen". Hori lortzeko asmoz, Eskuara programarekin irizpideak lantzen ari dira. Besteak beste, barrura begirako komunikazio asko aldatuko direla aurreikusi du Agirrek.

2023an sortu zen Eskuara programaren bitartez 50 langiletik gorako Arabako enpresetan euskara sustatzeko ahaleginetan dihardute; besteak beste, egitasmoaren bitartez doako aholkularitza jasotzen ari dira enpresak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago