Modu publikoan, hedabide batek ahalik eta gutxien begiratu behar dio bere zilborrari, baina, zenbaitetan, ezinbestean hori egin beharra dago ere. Gainera, garai zoro hauetan loreak ez dira egunero jasotzen, eta, horiek iristekotan, zinez eskertu beharrekoak dira.
Oraingo kasua da. Izan ere, Behategia Euskal Hedabideen Behatokiak ALEAren eta Argiaren balio sozialari buruzko ikerketa bat argitaratu du bere azken txostenean. Aldagai horren bitartez, "kontabilitateko balioaz gain", elkarte edo enpresa baten jardunak sortzen duen "bestelako balioa" neurtu nahi izan dute Eneko Bidegain, Aitor Zuberogoitia eta Txema Egaña Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko ikertzaileek. Txostenak dio halako balio bat "nekez kuantifikatu eta are gutxiago monetizatu daitekeela". Hortaz, zeharka edo zuzenean gizarteari edo beste erakundeei egiten zaion "ekarpen kualitatiboa" mahai gainean jarri nahi izan dute.
ONDORIOZTATU DUTEN BALIO SOZIALA "BENETAKOA BAINO APALAGOA IZAN DAITEKEELA" DIOTE
Hedabide bakoitzaren inguruan dauden zortzina interes taldetako ordezkariekin egindako elkarrizketetatik abiatu dute ikerketa, eta hitzordu horietan jasotako osagaiak kuantifikatu eta monetizatu dituzte. Aldagai kualitatiboak zenbakietara eramateko zailtasunez jabetuta, ikertzaileek aurreratu dute ondorioztatutako balio soziala "benetakoa baino apalagoa" izan daitekeela. Batez bestean, balio sozioekonomikoa aintzat hartuz, bi hedabideek 2022an diru laguntzen bitartez jasotako kopurua halako 2,87 bueltatu diote gizarteari. Harago, kopuru horri "balio sozial espezifikoa" erantsiz gero, jasotako euro bakoitzeko 6,85 euro itzuli zaizkio gizarteari.
"Estrategikoa", omen
ALEAk euskalgintzan betetzen duen funtzioa nabarmendu du ikerketak. Diputazioaren ordezkariaren arabera, hedabide hau "eragile estrategikoa" da euskararen sustapenean, eta uste berekoa da ere Gasteizko Udala. Azken honek "azkartasuna, kalitatea eta gertutasuna" goraipatu ditu,eta hiriburuko euskaldunentzako "erreferentzia" dela erantsi du. Bestetik, Euskalgintzaren Topagunean Tokikom elkarteko ordezkarietako bat da ALEA, tokiko hedabideen hitza eramanez, eta bertan komunikazio ikuspegi "oso baliagarria" eskainiz.
Lurraldetasunari dagokionez, txostenak aipatu du Arabaren ikuspegia Euskal Herri osora zabaltzeko gaitasuna, eta euskaraz idazten duten kolaboratzaileentzako plaza ere badela hedabidea. Bestetik, Gasteizko informazioa ez ezik, Araba osoko informazioa emateko ahalegina ere nabarmendu dute ikertzaileek. Kezka sozialen gaineko ardura jasota dago ere txostenean, eta bertan aipatu dute ezinezkoa dela talde eta eragile guztiak zerrendatzea. Horretaz jakitun, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren balorazioa jaso dute ikerketan. Horren arabera, hedabide honek egiten du elkarteari buruzko "trataera hoberena", eta "morboa elikatu gabe" informatzen du. Kazetaritza eredua ere jorratu dute ikertzaileek.
Hiri handi batean oinarrituta dagoen Tokikomeko hedabide bakarra izanik, idazteko eta lan egiteko modua "irradiatzen" duela esan dute. Albiste asko inguruko zenbait erdal hedabide handitan "baino lehenago edo hobeto" agertu direla azpimarratu dute ere, "oso gertuko kazetaritza" eginez. Horrez gain, Arabako Diputazioaren arabera, teknologia berriak txertatzean ingurukoak "inspiratzen" ditu ALEAk.