Zer eskainiko du Udalekuak 2024 kanpainak?

Erredakzioa 2024ko martxoaren 12a

2024ko Udalekuak iragartzeko irudia. AFA

Uztailaren 1etik 29ra, haur zein gazteei zuzendutako programazio zabala eskainiko du aurtengo kanpainak. Guztira eskainiko diren 4.203 plazetatik, 1.695 Araban izango dira. Izen-emateak martxoaren 13tik 22ra egingo dira.

Urtero bezala, aurten ere Udalekuak udako kanpaina antolatuko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, uztailaren 1etik 29ra bitartean 7 eta 13 urte bitarteko haurrentzako jolas eta hezkuntza programa zabala eskaintzeko asmoz. Gainera, iaz baino 210 plaza gehiago eskainiko dituzte aurten; guztira, 4.203 plaza: Araban, 1.695; Bizkaian, 1.498; eta Gipuzkoan, 1.010. Horietatik, gainera, 2.942 plaza euskara hutsean izango dira, eta beste 261 elebidun.

Aukeran askotariko jarduerak izango dira, besteak beste: piraguismoa, mendi ibilaldiak, ur-kirolak, jokoak, txangoak, lantegiak, egonaldiak baserri eskoletan, museoetara bisitak, txalaparta, birziklatze tailerra, mitologiari buruzko gau jaiak, ginkanak, eskalada, rappela, tirolina, arku-tiroa, paintballa, arborismoa, orientazio jolasak, Laser Tag, segway-a, mendiko bizikletako jaitsiera, arraunketa, arroila jaitsiera, pedaloia, optimist, wind surf, disc-golf, eskupilota, multi-abentura, herri kirolak, ferrata bideak, baratzeko jarduerak, animaliekin jarduerak eta elikadurari buruzko lantegiak.

Horretarako, hiru lurraldeetako hamasei instalazio erabiliko dituzte; Arabaren kasuan, hiru: Barria (Donemiliaga, Lautada), Zuhatza uhartea (Arratzua-Ubarrundia, Gorbeialdea) eta Espejo (Gaubea, Añana).

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak Orio, Zarautz, Hondarribia, Arantza, Abaraxka eta Bertizko instalazioak eskainiko ditu. Bizkaiko Diputazioak, berriz, Gorliz, Lapurriketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran) eta Meakaur (Morga); gainera, Nafarroan ere egonaldi bat eskainiko du, Legasan (Bertizarana).

Instalazio bakoitzaren jardueren zein izen-emateen inguruko informazioa aldundi bakoitzaren webgunean kontsulta daiteke:

Ana del Val Kultura eta Kirol diputatua, Bizkaiko eta Gipuzkoako homologoekin. AFA

Izen-emateak

Plazen zozketarako izen-emateak martxoaren 13tik 22ra egin ahal izango dira, gehienez ere hiru parte-hartzaileko taldetan. Zozketa apirilaren 16an izango da Arabako haurren kasuan; Gipuzkoan, berriz, apirilaren 15ean; eta Bizkaian, apirilaren 22an.

Aurtengo kuota orokorra 138 eurokoa da. Prezio horretan, ostatua, gosaria, bazkaria, askaria eta afaria sartzen dira, bai eta dinamizazio zerbitzua, istripu eta erantzukizun zibileko asegurua, eta joan-etorriak ere. Hala ere, lurralde bakoitzak hobariak ezartzen ditu familia ugarien zein laguntza sozialak jasotzen dituzten familien kasuan.

Hezkuntza premia bereziak (ezintasun fisikoa, psikikoa, sentsoriala edo soziala) dituzten pertsonei dagokienez, foru aldundiek plazen %5 gordeko dituzte haientzat, berariazko elkarteen laguntzarekin integrazioa sustatzeko asmoz.

Udaraba

Udalekuekin batera, Gazteriaren Foru Erakundeak Udaraba programa propioa eskaintzen du urtero, eskaintzari 110 plaza gehituz, Ingeleseko Udalekua eta Euskalaka programen bitartez. Gainera, Gazte Bidaiak programarako beste 528 plaza eta beste 23 jarduera proposatu ditu foru erakundeak. Horien artean daude, besteak beste, Europarako bidaia Oihan Beltzetik eta Alsaziatik, Alquezar-Guarara bidaia Aragoin, edota Gazterocken XV. edizioa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago