Gasteizko Txistulariek Udal Musika Bandarekin batera ospatuko dute mendeurrena

Erredakzioa 2024ko mar. 8a, 17:01

Martxoaren 20an izango da kontzertua, 19:30ean, Principal antzokian. Argazkia: Gasteizko Udala

Jimmy Bidaurreta, Juanma Saez, Eduardo Moreno eta Joaquin Lekunberriren lan berriekin egindako lau estreinaldi aurkeztuko dituzte

Txistularien udal bandak 100 urte bete zituen iaz, eta mendeurren hori ospatzeko Gasteizko bi musika-bandak Principal Antzokiko agertokira igoko dira martxoaren 20an elkarrekin kontzertua eskaintzeko. "Txistularien udal bandak urte asko daramatza Gasteizko historiako elementu izaten eta aurten bere mendeurrena ospatuko dugu. Urte hauetan guztietan, hiriarekin batera izan da hiriak bizi izan dituen une garrantzitsuenetan eta hori guztia, gainera, maila gorenean egin du", esan du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak.

19:30etik aurrera, sei lan-programaz gozatzeko aukera egongo da. Haietako lau, gainera, txistularientzako eta bandarentzako pieza berrien estreinaldi absolutuak izango dira: Jimmy Bidaurretaren Irumugarrieta, Juanma Saezen Oroitzapen baterako aldakuntzak, Eduardo Morenoren Música para un centenario eta Joaquin Lekunberriren Mendetik mender’. Luis Aranbururen Aurresku y Contrapás eta David Rivasen Mont Saint Michel lanekin osatuko dute.

Estreinaldi horiek berariaz konposatu dira urteurren honetarako, egungo txistulari bandak hala eskatuta: "Ospakizun ekitaldi asko egin daitezke, baina oso interesgarria iruditzen zitzaidan konpositoreei obra batzuk enkargatzea eta planteamendu hori egitea orain gutxi 100 urte bete dituen Gasteizko beste talde garrantzitsuarekin", azaldu du Roberto Alvarez Txistulari bandako zuzendariak.

"Udal banda eta Txistularien banda nahiko maiz aritzen gara elkarlanean eta agertokia partekatzen dugu. Hori dela, oso pozik eta eskertuta gaude gonbidapen berezi hau jaso dugulako. Hilaren 20an, asteazkenean, aurkeztuko dugun programa hori mugarria izango dela uste dut. Izan ere, asko estimatzen ditugun lau egileren eta oso berritzaileak diren lau konposizio estreinatuko ditugu", adierazi du Udal Musika Bandaren zuzendariak, Luis Orduñak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago