Babestutako edukia

1.110 zio bidezko norabidean

Erredakzioa 2024ko mar. 10a, 07:00
Euskararen aldeko konpromisoa adierazteaz gain, eredu energetikoa "demokratizatzeko eta eraldatzeko" eskatuko dute Korrikan. Argazkia: ALEA

Bidezko trantsizio energetikoa aldarrikatuko dute Korrikan Goienerreko kideek. Lautadako lehen kilometroa egingo dute, bertan azken urteotan proiektu erraldoi asko martxan jarri nahi direlako.

Martxoaren 18an, Gasteiz barrenean arratsalde eta arrats gehiena eman ostean, Korrika Lautadan sartuko da, eta une horretan egingo diote euskarari ekarpen berezia Goiener kooperatibako kideek. "Azken urteotan bereziki, enpresa handien esku dauden proiektu erraldoi asko egin nahi izan dituzte Lautadan, eta, horregatik, guk bertan bidezko trantsizio energetikoa aldarrikatu nahi izan dugu", azaldu du Goienerreko kide Ekain de Olanok. "Zorionez, proiektu horien kontra herri mugimendu bat sortu da ere, eta haiekin batera guk ere aldarrikatu nahi dugu aldaketa bat beharrezkoa dela, baina aldaketa hori ezin daitekeela jarri etekin ekonomikoa baino nahi ez duten enpresa handien esku", aldarrikatu du De Olanok.

Hortaz, 23:30ak aldera, 1.110. kilometroan lekukoa hartuko dute, Ilarraza parean. Egun horretan euskararen aldeko konpromisoa modu agerian geratuko bada ere, De Olanok azaldu du egunerokotasunean gauzatzen dutela euskararen aldeko jarrera. "Adibidez, euskara ez dakiten kideek ikasteko aukera dute lan orduetan, kooperatibak finantzatuta. Gasteizko bulegoan bertan halako kasu bat dugu".

ALDAKETA ENPRESA HANDIEN ESKU UTZI BEHAR EZ DELA BABESTEN DUTE GOIENERREN

Enpresa handiek ez bezala, Goienerrek "inguru natural zein sozialean ondorio positiboak izango dituen bidezko trantsizio energetikoan" egin nahi du ekarpena. Eskuratzen diren onurak herrietan islatu behar direla diote. Zeregin horretan, pertsonak eta ingurumena ardatz hartuko dituen trantsizioa izan behar dela gaineratu du Aritz Uribe Etxebarria lankideak.

Sorkuntzan ere

"Autokontsumo kolektiboaren bitartez, tokiko garapena sustatu nahi dugu. Izan ere, guztion artean eredu energetikoa demokratizatu eta eraldatu nahi dugu. Besteak beste, norabide horretan doaz energia berriztagarrien komunitateak", erantsi du Uribe Etxeberriak. Goienerreko kideak azaldu du helburu horiek nola lortzen dituzten. "Sistema energetikoan parte hartzeko aukera ematen diegu gure kideei. Batetik, gurekin energia berriztagarrietan oinarritutako argindarra kontratatu daiteke. Baina berriztagarrien sorkuntzan ere parte hartzen dugu, Nafarkoop kooperatibaren bitartez".

Modu berean, De Olanok mahai gainean jarri du Goienerren hirugarren hanka bat. "Gure kideei militatzeko espazio bat eskaintzen diegu. Besteak beste, lagundu eta parte hartu ahal dute gure erakundearen barne jardueran, hitzaldi eta jardunaldietan, edo batzar orokorrean erabakiak hartzen". Dioenez, helburuetako bat da kideak "aldaketaren parte aktiboa izan daitezela". Argi dute Goiener sortu zela "subiranotasun energetikoan aurrera egiteko tresna bezala", eta datorren astelehenean ere hori ekarriko dute gogora, Korrikarekin batera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide