Caterina Canyelles

"Asko harritu ninduen epaitegietako estereotipo matxisten joera orokortuak"

Anakoz Amenabar 2024ko mar. 8a, 06:00

Gasteizko Zapateneon aurkeztu du Canyellesek liburua. Argazkia: ALEA

Prozesu judizialetan nagusi den matxismoa mahai gainean jarri du Caterina Canyelles antropologo eta irakasleak Gasteizen aurkeztu duen 'Machismo y cultura jurídica' liburuaren bitartez.

Hainbat urtez Mallorca eta Kataluniako sistema judiziala aztertu ostean, ikuspegi patriarkala praktika judizialetan erabat txertatuta dagoela agerian utzi du Caterina Canyelles (Sa Pobla, Mallorca, 1982) antropologoak; legeen aplikazioan ere eragina izan dezakeen begirada matxista antzeman du. Zapateneon aurkeztu duen Machismo y cultura jurídica liburuan jaso ditu epaitegietako prozesuen ziklo desberdinak behatu eta eragile ugarirekin izandako elkarrizketen ondorioak.

Zergatik erabaki zenuen epaitegietan ikerketa egin behar zenuela?

Lana aurreko azterlan asko oinarri hartuta hasi nuen. Ikerketa horiek, hain zuzen ere, emakumeek prozesu judiziala nola bizi duten deskribatzen dute, eta aho batez azaltzen dute giza eskubideen urraketa. Azterlan horiek guztiek eskubideen urraketa hori legitimatzen duen kultura zein den ikertzeko bidea ematen dute, zer den zigorgabetasuna sortzen duena, zer den diskriminazioa dakarrena.

Epaitegietan barneratzerako garaian, metodologia garrantzitsua izan dela nabarmendu duzu aurkezpenean.

Metodologiak behaketa lana in situ egitea eskatzen du, aztertu nahi dugun hori gertatzen den lekura joatea; bertatik bertara ikusi ahal izateak askoz informazio errealistagoa eta benetakoagoa ematen du, soilik elkarrizketetatik abiatuta baino. Eta, hain zuzen ere, diskurtsoaren eta zuzeneko behaketaren arteko kontrasteak eman zidan gako nagusietako bat gaur egun matxismoa nola erreproduzitzen den ulertzeko. Egoera zehatz bat nola bizi izan duen azaltzen duen edonork hizkuntza politikokiki zuzena erabiliko du, autozentsura,  esajerazioak...; zuzeneko behaketak, berriz, berehalakotasuna ahalbidetzen du, informazioa interferentziarik gabe eskuratzeko aukera, diskurtsoa espontaneoagoa baita, diskurtso informala eta praktika beti zintzoagoa. Hortik metodologiak duen garrantzia.

Solasaldietan abokatuetako batek esandakoa azpimarratu duzu: "Bi biktimako, hamar ez dira izaten". Zer esan nahi du horrek?

Hori epaitegietan maiz errepikatzen den pertzepzioa da, eta, hain zuzen ere, kultura judizialaren parte da, pertsona guztiek identifikatzen baitute. Salaketa faltsu asko dauden susmo orokortua da, eta kasu honetan susmatzen diren salaketa faltsuen proportzioa oso handia da. Kontua da ez dela genero indarkeria ulertzen, eta, erraztasunez, emakume  askok salatzen duten estereotipoa errepikatzen da, hain zuzen ere, epaitegietan ikusten den indarkeria ez delako ulertzen edo ez datorrelako bat dugun biktimaren estereotipoarekin.

Tesian egindako lana jaso du Canyellesek 'Machismo y cultura juridíca'. Argazkia: ALEA

Zerbaitek harritu zintuen lehen behaketa egunetan?

Hiruzpalau eguneko landa-lanean harritu egin ninduen nire aurrean hegemonia handia zuten estereotipo matxistak erreproduzitzen zituen kultura oso sendo bat zegoela. Asko harritu ninduen estereotipo matxisten joera orokortu horrek.

Bereziki matxista den espazioa da epaitegiena?

Gizartearen edozein esparru bat etorriko da gizarte horren logika, desberdintasun sozial eta ezaugarriekin; gure gizartearen adierazpen juridikoak gure kulturaren logika islatzen du; gure gizartearen esparru juridikoa da produktua. Joera indibidualista oso nabarmena duen gizarte neoliberal batean bizi bagara, hala nola, eguneroko ogia diren matxismo, arrazismo, kapazitismo edo  klasismo ezaugarri nabarmenekin, ezaugarri horiek guztiak edozein esparrutan islatuko dira, baita esparru juridikoan ere. Kultura matxista bat da epaitegietan, baina gizartetik edaten du.

"Gizarte indibidualista batean zaila da prozesuei benetako jarraipena egitea"

Nolako ondorioak ditu honek prozesu judizialetan?

Biktimaren estereotipoa erreproduzitzea dakar, kultura matxistaren ardatza dena azken batean; prozesu judizial batetik igarotzen diren emakumeek nola izan behar duten buruan izaten den estereotipoa ez dator bat gehienetan epaitegi batean benetan ikusten diren esperientziekin, esperientzia horiek imajinariotik kanpo geratzen dira, ez direlako ulertzen, ez direlako ulergarriak. Aniztasun hori guztia benetan ez da ulertzen, eta gertatzen denaren eta buruan izaten den estereotipo horren artean talka bat dago. Talka mental horren ondorioak epaitegi batean agerikoak dira, besteak beste, salaketa faltsuak zeintzuk diren ulertzeko garaian. Mito arrazistak errepikatzen dira, indarkeria matxista beste kultura batzuen kontua dela ulertzen baita. Indarkeria ukatu edo normalizatzen da, eta erasotzaileekin enpatizatzen da. Eta ondorio horien guztien azkeneko ondorioa da salatutako gertakarien irakurketan okerreko joera bat antzeman daitekeela, eta horrek interpretazio okerrak eragiten dituela. Azken batean, horrek guztiak zigorgabetasunaren ondorioa izan dezake, epaitegietan lana ez delako behar bezala egiten ari.

Zer behar da? Formazioa? Baliabideak nahikoak dira? 

Uste dut baliabide gehiago jartzea konponbidearen zati bat izan daitekeela. Baina zalantzan jartzen dut baliabide gehiago izatea konponbidea denik profesionaltasunez jokatzen ez dakienarentzat. Uste dut benetako aldaketak gizartetik hasi behar duela; hezkuntza da gakoa. Baliabide gehiago izateak lagun dezake, profesionalek denbora gehiago eta lanerako kasu gutxiago izatea lagungarria da, askotan estereotipoek balio baitute kasua sakon aztertu eta ezagutzeko denborarik ez dagoenean. Trebakuntza garrantzitsua dela uste dut, sentsibilizazio edo formazio saioak baino, profesionalak lan horretarako gai izatea baita helburua. Eta, horrez gainera, uste dut beharrezkoa izango litzatekeela indarkerian adituak diren profesionalek peritatzea kasu bakoitza, delitu horrekin lan egiten duten pertsona horien benetako aholkulari lana egitea.

"Erreakzioak beti dira botere hori betikotzeko defentsa mekanismoak"

Praktika onen eredurik baduzu?

Gure jendartetik atera gaitezke, beste gizarte egitura batzuk aurki ditzakegu, eta zuzenbideak egitura hori ere islatzen du. Badira konpromiso morala ardatza duten beste leku batzuetako erreferentzia juridikoak; elkartasun kolektiboa da nagusi, eta adierazpen juridikoak elkartasun kolektibo hori ere islatzen du, eta prozesu judiziala beste modu batekoa da. Horrek, noski, iraultza soziala ekarriko luke. Honen aurrean zer egin daitekeen galdetzen didazuenean, nik argi daukat iraultza soziala egin behar dela. Brasilen, esate baterako, badute ereduren bat. Justizia penalarekin batera, justizia errestauratibo paralelo bat ezartzen ari dira; hau da, prozesu penala nola doan alde batera utzita, biktimak eta inputatuak justizia errestauratiboko prozesu batetik pasatzen ari dira; biktimak erreparazio prozesu pertsonal bat egiten du, eta inputatuaren kasuan, berriz, hezkuntza prozesu bat, matxismoaren desikaste saioa. Justizia mota honi buruz oso interesgarria iruditzen zaidan beste gauza bat da biek beste kasu batzuetako lagunekin prozesua egiten dutela; botere-harremanik ez dagoen prozesu bat da, beraz. Aurrerapausoak emateko moduak badaude, baina kontuan izan behar dugu gurea bezalako gizarte indibidualista batean zaila dela edozein prozesuri benetako laguntza eta jarraipena egin ahal izatea.

2018an amaitu zenuen zure ikerketa lana. Ordutik, aurrerapausoak izan dira?

Argi dago 2018a mugimendu feministaren goraldia izan zela, eta, horrek, jakina, eragina izan du gizartearen esparru guztietan. Nik sumatzen dudan gauzetako bat da, bere buruan ideia matxistak dituenarentzat, politikoki zuzena den hizkuntza oraindik ere bizi-bizirik dagoela egun. Lege-mailan aurrerapauso handiak izan dira urte hauetan guztietan, zehazki, Soilik bai da bai moduan ezagutzen dugun legearekin; sexu-indarkeriari aurre egiteko neurri multzo oso egokia zabaldu du lege honek, eta, gainera, pedagogia handia egin du. Maila mediatikoan eta sozialean mahai gainean jarri ahal izan ditu indarkeria matxistak, orain arte ez bezala. Hala ere, nabarmendu behar da, baita ere, lege horren aurrean egon den erantzuna.  Erreakzioak beti dira botere hori betikotzeko defentsa mekanismoak, kasu honetan matxismoa betikotzeko ahalegina. Oso garrantzitsua da erreakzio matxista hori kontuan hartzea, mugarri izan den lege baten aurreko erantzuna, izan den desordena berrantolatzeko erreakzioa.

Aurretik ikerlanak egin dituzu, besteak beste, Perun, Sendero Luminoso talde armatuko emakume presoekin. Antzekotasunik aurkitu duzu eginda azken lanarekin?

1980ko hamarkadako gatazka armatuan emakume gerrillarien esperientziak aztertzen aritu nintzen. Emakume horiek estigmatizazio erreakzio mediatiko handia jasan zuten, iraintze erreakzio bat, eta oso garrantzitsua izan zen niretzat matxismoa nola erreproduzitzen den ikusteko; hemen izan den erreakzio matxista bera, hain zuzen ere. Ondoren ikusi nuen pribilegioak galtzearen aurkako erreakzioa berdina dela. Kasu batean, prozesu judizial batetik pasatzen ari diren emakumeak ez dira jokatzen ari matxismoak agintzen duen bezala, eta, gerrillarien kasuan, emakume batek armak hartzea eta hiltzea, ustez bizia ematea dagokion emakume batek; hori ere matxismoak zehaztutako genero-rolaren urratzea dakar. Kasu horietan, erreakzioa berdina da. Baina kontuan izan behar dugu askotan diskurtso erreakzionario matxistak kutsatzen gaituela, memoria historikorik ez dugulako, bere pribilegioak berrezarri nahi dituela konturatzen ez garelako; eta horren erakusgarri da lehen aipatu Soilik bai da bai  legearekiko erreakzioak eragin handia izan duela feministatzat jo daitezkeen pertsona askorengan ere. Peruko lanak eta epaitegietan egindakoak aukera eman didate oso argi ikusteko botereak nola lan egiten duen, eta hori edozein botere ardatzera estrapolatu daiteke. Hau ez genuke ahaztu behar.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago