Gasteizko Elizako Emakumeen Matxinada izeneko kolektiboak Eliza Katolikoaren baitan emakumeen egoera salatu du, eta "nahikoa" dela esateko garaia iritsi dela adierazi dute.
Komunitate kristauetan "hausnartzeko lagungarria" izango delakoan zabaldu du agiriak Gasteizko Gotzaindegiaren Laikotza Zerbitzuak.
Agirian diotenez, "emakumeen duintasunaren alde borroka egin duen tradizio feminista luze batetik" datoz. Berdintasunaren aldeko lorpen historiko askoren ostean, orain "ahotsa altxatu eta 'Aski da!' esateko" garaia dela uste dute; hortaz, martxoaren 8an kalera aterako dira ere.
Diotenez, kristautasunak "gizateriaren historiari egindako ekarpen erradikalenetako bat" izan zen gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, Jesukristok zabaldutako mezuak "gizarte patriarkal baten arauak hautsi" zituelako.
Kritikatu dute eliza katolikoan "sexualitateari buruzko ikuspegi negatiboa" dagoela, eta "soilik maskulinoa den Jainkoaren" irudi bat dagoela. Besteak beste, esan dute ez dutela nahi "ikusezinak eta isilaraziak izatea", ezta "adingabeak" bezala tratatzea. Modu berean, "genero edo gorputzagatik" apaizgoa ez ukatzeko eskatu dute.