Apirilaren 11n hasiko da Gasteizko antzokien udaberriko denboraldia, 38 proposamenekin, ekainaren 30era bitartean. Hiru hilabete horietan, besteak beste, antzerkiaz, musikaz, dantzaz eta zirkuaz gozatzeko aukera izango dute gasteiztarrek.
Besteak beste, Kamikazek eta Teatro Españolek Vania x Vania lana aurkeztuko dute, estilo eta ikuspegi desberdinak dituzten bi lanek osatuta. Lana Pablo Remonek idatzi, eta bera da zuzendaria, eta maiatzaren 10ean eta 11n Javier Camara buru duen antzezle taldea igoko da agertokira. Lolita Flores ere Gasteizen izango da maiatzaren 17an Poncia obrarekin. Federico Garcia Lorcaren La Casa de Bernarda Alba oinarri hartuta Luis Luquek idatzitako testua da.
Belleza y perdón lanak izen handiko antzezle baten ahotsa eta antzezpena ditu: Asier Etxeandiarena. Aktoreak maiatzaren 31n aurkeztuko du bere ikuskizun berria zuzenean Enrico Barbarorekin, elkarrekin Mastodonte taldea osatzen duten bikotearekin. Carlos Hipolito eta Jose Luis Sacristan ere izango dira, besteak beste, antzerki abonamenduaren eskaintzaren barruan.
Euskarazko eskaintzaren artean, Maria Goirizelaiak zuzendutako Festen lana izango da oholtzan, maiatzaren 15ean. Besteak beste, Ane Pikaza, Mikel Martinez, Lander Otaola, Loli Astoreka eta Ione Irazabal aktoreak izango dira oholtzan, Thomas Vinterbergen testua oinarri duen lanarekin.
Familientzako aukeren artean, adibidez, apirilaren 21ean Nuye taularatuko dute, zirku eta koreografiako ikuskizuna.
Kontzertu Handien XIX. zikloa
Kontzertu Handien zikloaren lehenengo saioa apirilaren 17an izango da Borodin Quartet hari-laukotearen eta Varvara piano-jotzailearen emanaldiarekin. Ondoren, maiatzaren 30ean, Edgar Moreau & Jeremie Moreau iritsiko dira biolontxeloarekin eta pianoarekin hurrenez hurren. Amaitzeko, ekainaren 22an, Ainhoa Arteta sopranoak itxiko du zikloa Puccini eta Faure omenduz.
Dantza Hofesh Shechter II Companyren eskutik iritsiko da eta ekainaren 21ean; From England with love lana aurkeztuko du. Gainera, Gasteizko La Intrusa konpainiaren azken lana estreinatuko da denboraldian. Maiatzaren 9an izango da, Moonshotekin.
Denboraldi honetako beste bloke nagusietako bat izango da musikarena. Niño de Elchek, adibidez, flamenko garaikidea ekarriko du Principalera apirilaren 12an. Euskadiko Orkestrak, aldiz, udaberrirako lau ikuskizun proposatuko ditu.
Abonamenduen salmenta martxoaren 14an hasiko da, eta sarrerak martxoaren 21ean jarriko dira salgai leihatilan, 945 16 10 45 telefono zenbakian edo, 10:00etatik aurrera, baita Principalen webgunean ere.
Eskaintza osoa eta zehatza Antzokien Udal Sareko Udaberriko Programazioko aldizkarian dago dagoeneko eskuragarri.