Inoiz ez da erraza jendaurreko aurkezpen bat egitea, baina halako batean jardutea egokitu zaie Lore, Iordanka, Josune eta Ager ikasleei. Zeliakiarekin lotutako enpresa proiektuak aurkeztu dituzte ikaskideen aurrean, eta, beren zorigaitzerako, kazetari bat kolatu diete publikoan. Etorkizunean merkatuaren oihanean lehiatu behar dutenerako, beren produktua saltzen soberako trebetasuna erakutsi dute ikasleek; gainera, publikoa poltsikoan are gehiago sartzeko, bakoitzarentzat glutenik gabeko brownie pertsonalizatua prestatu dute. Zalantza izpirik ez dago zerbitzua ederki asko emana dutela.
MERKATARITZA, ADMINISTRAZIO ETA FINANTZAK ZEIN INFORMATIKA ESKAINTZEN DITUZTE
Funtsean, hori baita Ciudad Jardin Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren helburu nagusia, Naroa Prieto eta Ion Enekotegi irakasleek azaldu dutenez: zerbitzuei bideratutako profesionalak trebatzea. 1951n fundatu zutenean merkataritza eskola gisa sortu zen, hirian instalatu berri ziren enpresen behar administratiboak asetzeko. Gaur egun erdi eta goi mailako zikloak eskaintzen dituzte: Merkataritza, Administrazio eta Finantzak eta Informatika alorretakoak.
Administrazio eta Finantzetako goi eta erdi mailako zikloak zein Mikroinformatika Sistema eta Sareak deitzen den erdi mailako zikloa euskaraz ere eskaintzen dituzte, eta aurten adimen artifizialean eta Big Data delakoan espezializazio ikastaroa eman dute. Horrez gain Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako prestakuntza deitzen den goi mailako zikloa daukate. "Gaur egun halabeharrez autoeskola guztietan egon behar da titulazio hori duen profesional bat", azaldu du Prietok.
Berrikuntza helburu
Teknologia berriek duten garrantziaz jabetuta, berrikuntza proiektuetan ere murgilduta daude. Horren adibide da Bilboko Txurdinaga institutuarekin batera prestatzen ari diren erakusleiho adimendua. Gailu baten bidez, denda aurrean gertatzen ari den jardunaren zenbait parametro neurtzen dituzte: besteak beste, zenbat jende igarotzen den, horietatik zenbat geratzen diren erakusleihoaren aurrean, zenbat denboraz, eta zeri begira geratzen diren.
Bide beretik, beste ikastetxerekin eta Gamarrako Ostalaritza Eskolarekin batera, jatetxe inmersiboa prestatzen ari dira. Plater bakoitzarekin batera, bezeroak esperientzia pertsonalizatu bat bizi ahalko du, 360 gradutako bideo, soinu eta usainekin batera. Gamarrako eskolarekin zein Arkautiko Nekazaritza Eskolarekin ere EkozirApp garatzen ari dira, ortuari eta elikagaiei lotutako aukerekin.
Ikastetxearen arduradunek aurreratu dutenez, apirilaren 23an eta 24an Gasteizko Europa Jauregian egingo den AVANZA azokan egongo dira, eta apirila eta maiatzean atea irekiak egingo dituzte.