Arabako PSE-EEk legez besteko proposamena aurkeztu du Espainiako Kongresuan egun ofizialki Toloño gisa izendatzen den mendilerroarentzat Kantabria Mendilerroa toponimoa berreskuratzeko.
Alderdiak ohar batean adierazitakoaren arabera, mendilerroaren mendebaldea Toloño gisa ezagutu izan da aspalditik, horren gainean izen hori zeramaten santutegi eta gaztelu bana eraiki zirelako. Gauzak hala izanik, "ekialderantz egin ahala", inguruko biztanleek hainbat modutara izendatu dute mendilerroa, "eta XVIII. mendearen amaieratik Kantabria Mendilerroa izena nabarmendu behar da erdialderako, baita mendilerro osorako ere".
Argudiatu dute Unescok toponimo bat normalizatzeko irizpideei eutsi behar zaiela: "Erabilera errespetatzea, eragindako herrien borondatea errespetatzea, lekuaren izena bakarra izatea, izen autoktonoak errespetatzea eta izen propioak ez itzultzea".
Proposamena erregistratu duen Daniel Senderos diputatuaren esanetan, eskariak "Arabako Errioxako eta Mendialdeko herritarren gehiengoaren iritziari erantzuten dio, bai eta gizarte eragileeni ere".
2019an izendapen hori ofizialki berreskuratzeko plataforma eratu zuten. Orain arte 2.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte, eta Arabako Errioxako hainbat udaletan izendapenaren aldeko mozioak onartu dituzte ere.