Hauek dira BAT txartela pertsonalizatzeko toki eta ordutegiak

Erredakzioa 2024ko ots. 29a, 15:33
Jon Nogales Mugikortasun diputatuak aurkeztu du kanpaina. Argazkia: AFA

Hamabi udalerritara eramango dute kanpaina, bihartik hasita.

BAT txartela herriz herri pertsonalizatzeko kanpaina ibiltari bati ekingo dio bihartik aurrera aldundiak, Laudion hasita.

Erakunde publikoak ohar batean ezagutarazi duenez, maiatza bitartean "lurraldeko eskualde guztietako" hamabi udalerritatik pasatuko da. Trebiñu kanpo geratu da, aldundiaren oharraren arabera.

"Arabarrei izapide hori egiteko erraztasunak eman nahi dizkiegu, eta, horrela, txartelaren prezioan %72ra arteko hobaria ematen duen deskontu sistema progresiboa erabiltzeko aukera eman", iragarri du Jon Nogales Mugikortasun diputatuak.

Amurrion, Oionen, Guardian, Bastidan, Agurainen, Dulantzin, Langraiz Okan, Ribabellosan, Legution, Murgian eta Santikurutze Kanpezun egongo da kanpaina.

Nogalesek azaldu du BAT pertsonalizatuan oinarritutako sistema horrek "saritu" egiten dituela garraio publikoa gehien erabiltzen duten pertsonak. Hilean 1-20 bidaia eginez gero, %62ko deskontua egingo dute; hilean 21-50 bidaia eginda, %67koa. 51 bidaia baino gehiago eginda, %72koa.

Hauek dira toki eta data zehatzak:

  • Laudion (udaletxea): martxoaren 1ean, 4an eta 5ean.
  • Amurrion (kultura etxea): martxoaren 7an, 8an eta 11n.
  • Oionen (udal zinema): martxoaren 13an, 14an eta 15ean.
  • Guardian (gazte zentroa): martxoaren 19an, 20an eta 21ean.
  • Bastidan (kultura etxea): martxoaren 25ean, 26an eta 27an.
  • Agurainen (udaletxea): apirilaren 3an, 4an eta 5ean.
  • Dulantzin (kultura etxea): apirilaren 9an, 10ean eta 11n.
  • Langraiz Okan (udal artxiboa), apirilaren 15ean, 16an eta 17an.
  • Ribabellosan (Verde gizarte eta kultura etxea): apirilaren 19an, 22an eta 23an.
  • Legution (kultura etxea): apirilaren 25ean, 26an eta 30ean.
  • Murgian (udaletxea): maiatzaren 2an, 3an eta 6an.
  • Santikurutze Kanpezun (kultura etxea): maiatzaren 8an, 9an eta 10ean.

Jendaurreko ordutegia 12:30etik 17:30era izango da herri guztietan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide