Arabako landa eremuaren "industrializazioa" salatu dute UAGA, Araba Bizirik eta kontzejuek

Erredakzioa 2024ko ots. 29a, 13:00
Araba Bizirik, UAGA eta kontzejuetako ordezkariak, prentsaurrekoan. Argazkia: EITB

Araba Bizirik plataformak, nekazari eta abeltzainen sindikatuak, eta kontzejuetako ordezkariek indarrak batu eta mobilizazioa deitu dute martxoaren 23rako, "guztion lurraldea enpresa kapitalista handien esku uzten" ari direla salatzeko.

Asteazken honetan, prentsaurreko bateratua eskaini dute Araba Bizirik plataformak, UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak, Bionekazaritza ekoizle eta kontsumitzaile ekologikoen elkarteak, Elikadura Iraunkorraren aldeko Mugimenduak, Erriberabeitiko alkateordeak eta lurraldeko hainbat kontzejutako batzar administratiboetako ordezkariek; tartean, Margarita, Mendoza, Martioda, Uribarri Dibiña, Otobarren (Gasteiz) eta Dura (Arratzua-Ubarrundia) bizilagunak izan dira.

Agerraldian, Arabako landa eremuaren eta ingurune naturalaren "industrializazio prozesu indiskriminatu eta masiboa" salatu dute eragileek. Diotenez, "Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak gidatutako eta zuzendutako espoliazio prozesu masiboa da, industria eta energia korporazio handien onurarako". Izan ere, haien ustez, "helburua pertsona guztien lurraldea enpresa kapitalista handien esku uztea" da.

Prozesu horretan lehen sektoreak jasaten duen "presioa" kritikatu dute: "Zentral fotovoltaiko eta eolikoen zein nekazaritza intentsiborako negutegien hedatze masiboa, nekazaritza balio handiko lurrak murriztea, AHTa bezalako azpiegiturak garatzea eta espoliazioa" salatu dituzte, bai eta "horrek guztiak sektorearen belaunaldi erreleboan dituen ondorioak" ere. Testuinguru horretan kokatu dute, halaber, landa ingurunearen despopulazio prozesua.

Martxoaren 23an, mobilizazioa

Horren aurrean, elkarretaratzea deitu dute martxoaren 23rako, larunbaterako, 13:00etan Aldundiaren aurrean, Araba ez dago salgai. Lurra defendatuko dugu lelopean. Parte hartzeko dei berezia egin diete administrazio batzarrei, nekazari zein abeltzainei, eta "Arabaren etorkizuna arriskuan ikusten duten" pertsona guztiei.

 

Jorge Riechmann, Gasteizen

Gainera, azken hilabeteetan antolatutako eztabaida, jardunaldi eta mahai-inguruen testuinguruan, martxoaren 11n, astelehenean, 18:30ean Artium Museoan hitzaldia eskainiko du Jorge Riechmann idazle eta ekintzaile ekologistak, Ekologismoa trantsizio energetikoen dilemen aurrean izenburupean.

 

Margarita, "kolonizazioaren" adibide

Prentsaurrekoan, gainera, Margarita herriko administrazio batzarreko ordezkariek hartu dute hitza, kontzejuak jasaten duen "presio eta degradazio egoera" azaltzeko. Beren herria "industria kolonizazio indiskriminatuaren adibidea" dela ohartarazi dute, besteak beste, Jundiz-Mendebaldea 21. sektoreko industrialdea "kontrolik gabe" hedatzearen ondorioz.

"Gaur egun, gorozkiz, zaborrez, lumenez, zarataz, usain txarrez, kamioiez, abiadura txikiko trenez, abiadura handiko trenez, hegazkinez, etorkizuneko intermodalez, obrez eta abarrez inguratuta bizi gara. Ondorioz, Margaritako landa bizitza eta bizimodu lasaia erabat desagertu da", deitoratu dute bizilagunek. Gogora ekarri dutenez, egoera 2004an hasi zen, Gasteizko Udalak kontzejuaren ondoko lursail guztiak desjabetu zituenean, inguruan industria azpiegiturak eraikitzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide