Gasteizko Letren Fakultateko itxialdia hustu du Ertzaintzak

Erredakzioa 2024ko ots. 29a, 09:30
Ertzaintza Letren Fakultatean sartu zen unea. Irudia: GEDAR.eus

Bart iluntzean, Ikasle Abertzaleak-ek antolatutako Herri Unibertsitatearen testuinguruan, itxialdia abiatu zuten dozenaka ikaslek. Handik gutxira, Ertzaintzak borra-kolpez kanporatu zituen.

Aste honetako asteazken eta ostegunean, Herri Unibertsitatea Nazionala antolatu du Ikasle Abertzaleak ikasle antolakundeak, EHUren Gasteizko Campusean. Bertan, Euskal Herri osoko ikasleak bildu dira, "langileriaren behar eta interesetarako hezkuntza eraikitzeko" oinarri teorikoak lantzeko jardunaldi politikoetan.

Atzo, lehenengo jardunaldian, egun osoko egitarauaren ostean, ikasle sindikatuak Gedar.eus Langile Kazetaren bitartez iragarri zuen dozenaka ikaslek itxialdia abiatuko zutela Letren Fakultatean, bertan afaldu eta Herri Unibertsitatearekin jarraitzeko asmoz. Aurretik, gaua bertan igarotzeko baimena ukatu zien EHUko zuzendaritzak.

21:00ak aldera eman zuten itxialdiaren berri, eta handik gutxira Ertzaintzaren furgoneta ugari agertu ziren Letren Fakultatearen atarian. EHUko errektoreordetzaren baimenarekin, istiluen kontrako dozenaka ertzain fakultate barrura sartu ziren, bildutako ikasle batzuk "borra-kolpez eta arrastaka" kanporatuz. Bitartean, hainbat pertsona kanpoaldean bildu ziren barruan zeudenei babesa adierazteko.

Azkenean, istilu larriagorik gabe gauzatu zen desalojoa. Izan ere, ikasleek borondatez alde egingo zutela adostu zuten ertzainekin, egindako identifikazioak indarrik gabe uzten bazituzten.

Gaur, manifestazioa

"EHUko errektoreordetzak hitzezko bide guztiak itxi ditu berriz: ez du desalojoa ez den aukerarik mahaigaineratu, ikasleek nahiz fakultateko hainbat langilek presioa egin arren, Herri Unibertsitateak aurrera egin dezan", kritikatu du Ikasle Abertzaleak-ek. Horrez gain, Ertzaintzak zenbait ikasle zauritu dituela salatu dute.

Gertatutakoaren aurrean, atzoko desalojoa bera eta EHUren "izaera poliziala" salatzeko, manifestazio bat deitu dute gaur 13:00etarako, Gasteizko Campusean bertan. Herri Unibertsitatearen gaurko egitaraua, berriz, bertan behera uztea erabaki dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide