Ignacio Aldecoa bekarako arauak ezartzen dituen agindua argitaratu du gaur Arabako Aldizkari Ofizialak. Bihartik hasita, apirilaren 8ra arteko epea dago euskaraz idatzitako ipuin bat eta bilduma baten proiektua aurkezteko. 16 urtez gorako pertsonek aurkeztu ahalko dute eskaria, haien nazionalitatea eta bizilekua edozein dela ere.
Zehazki, beka jaso nahi duten pertsonek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte: originala eta jatorriz euskaraz idatzitako ipuin argitaragabeko bat, 10 eta 25 orrialde arteko luzeran, Arial 12 edo antzeko tipografia batean aurkeztuta eta lerroarte bikoitzean. Horrekin batera, bekak irauten duen bitartean ipuin bilduma bat idazteko proiektua aurkeztu beharko dute ere. Liburuak zer beste ipuin izango lituzkeen, eta haien izenburua eta edukiaren behin-behineko azalpen bat ere. Horrez gain, argumentua, egitura, luzera, estiloa eta abarrekoak zehaztu beharko dira.
8.000 euroko beka bakarra emango dute, eta sei hilabeteko epean jakinaraziko dute ebazpena.
Euskarazko literatura sorkuntzarako Ignacio Aldecoa beka deialdiaren xedea "euskarazko sortzaileei laguntza ekonomikoa ematea da, literatura ipuinaren modalitatean kalitatezko literatura lanak egin ditzaten". Zentzu horretan, "euskarazko literatura sorkuntza" sustatu eta "literatura figura berriak edo sendotze bidean daudenak aurkitu" nahi dituzte, "Ignacio Aldecoaren irudia oroituz eta goraipatuz".
Ohi bezala, internet bidez aurkeztu ahalko dira eskariak aldundiaren web orrialdean, edo administrazioaren erregistroan, PDF formatuan eta izenik gabe.