Zigor espediente bana zabaldu dute URAk eta Arabako Foru Aldundiak Aldanondo enpresaren kontra, Aguraingo Egileor ibaian 2024ko urtarrilean jazotako isurketagatik. Amaia Barredo Ingurumen diputatuak hala azaldu du Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Aldundiko Ehiza eta Arrantza Zerbitzuaren arabera, 297 arrain hilik gertatu ziren isurketaren ondorioz.
Diputatuak azaldu duenez, salaketa jaso eta bost egunera, URAren ikuskatzaileek isurketaren balizko jatorria aurkitu zuten, Aldanondo enpresaren fabrikako instalazio abandonatuetan. Bertan, bederatzi bidoi aurkitu zituzten, industrialdeko euri-uren sarearekin lotuta dagoen euri-uren hustubide baten gainean. Bidoi batzuk beteta zeuden, eta beste batzuk hutsik. Horietako baten etiketan "sodio hidroxidoa" irakur zitekeen. Lurraren gaineko hondakinek kristalizatutako substantzia zuri bat zuten, eta euri-uren kanaletan atxikitako urak ere PH-a oso altua zuen. Beraz, zehaztu gabeko soda kopuru bat euri-uren sarera iritsi zela ondorioztatu da.
Bestalde, Ingurumen diputatuak ukatu du, Zadorra Bizirik plataformak salatu zuen bezala, erakundeak atzerapenez aritu zirela isurketaren aurrean. Barredoren arabera, abisua 20:33ean jaso zuen URAk, eta erabaki zuen ez joatea, gauez ezin zutelako ezer egin, eta abisua eman zuen pertsonak ziurtatu zuelako une horretan orbainik ez zela ikusten eta ibaia garbi zihoala. Gainera, Barredoren arabera, 21:27etan Ertzaintza isuria zegoen lekura joan zen, eta abisua eman zuen ez zela ezer ikusten.
Oposizioak egindako kritiken aurrean, erakundeen aldetik eraginkortasun falta ukatu du Barredok, eta edozelan ere hondakin kimikoen kontrola Aguraingo Udalaren ardura dela adierazi du. "Hondakin kimikoak zeuden fabrika horretan, eta isuriak hor gertatu dira, baina hondakin horren kontrola ez da Diputazioarena".
Espedientea, Arkautiko Akademiari
Bestetik, Arkautiko Ertzaintzaren Akademiatik Errekabarrira egindako gasolio isurketaz hitz egin du Barredok. URAk espedientea zabaldu du akademiaren kontra, eta une honetan auzia ikertzen ari dira. Barredok azaldu duenez, isurketa gasolio deposito batetik iritsi zen errekara, galdarak zaharrak direlako eta neurri prebentiborik ez dagoelako gasolio ihesak atzemateko. "Urtarrilaren 2an ohartarazi zioten akademiako arduradunek URAri eta Diputazioari isurketa egon zela; bonbak gelditu zituzten eta filtroak aldatu zituzten. Ezin da zehazki jakin, baina 8.000 litro gasoil inguru isuri zirela kalkulatu daiteke".
Istripuaren hasieratik, erakundeek eta Arkautiko Akademiak elkarrekin lan egin dutela azpimarratu du Barredok. Gainera, akademia gasolio galdara zaharrak ordezkatzen ari dela esan du diputatutak, eta aurrerantzean instalazioak gas naturalarekin hornituko direla.