⛅ EGURALDIA

Zorionekoa zu, telelangile hori

Erredakzioa 2024ko otsailaren 27a

Haize oso indartsuak, euri andana jarraian, hotz handia eta elur kota beherantz. Abisu horia eta alerta laranja artean ibiliko da asteartea.

Egun konplikatua izango da astearte hau, eguraldiari dagokionez bederen. Izan ere, Euskalmetek elurragatiko abisu horia eta prezipitazio iraunkorragatiko alerta laranja ezarri ditu gaurkorako, eta AEMETek haizeagatikoa gehitu du gosarian. Bereziki goizean pilatu daitezke arazo gehien, goizean euria etengabe egingo duelako. Elur kota 700 metrora jaitsi daiteke, baina 900-1.000 metroren bueltan egongo da gehienetan. Arratsalde partean, ordea, atertuz joango da, eta ostarteak zabalduko dira. Haize bolada oso indartsuak izango dira, gehienbat goizean. Tenperaturek ez dute lagunduko giroa hobetzen, Gasteizen 2 eta 7 gradu artean mugituko baita termometroa. Alabaina, AEMETen arabera sentsazio termikoa -4 gradura iritsi daiteke.

Biharko ere noizbehinkako euria eta hodeiak iragarri dituzte, baina momentuz (08:30) Euskalmetek ez du abisurik luzatu. Ez da espero horrenbeste euririk, elur kota 1.200-1.400 metro artean kokatuko da, eta badirudi Eolo ere baretuko dela zertxobait. Alde termikoa pixka bat zabalagoa izango da, 3 eta 10 gradu artekoa.

Bideoa: Juanma Gallego / ALEA

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago