Aurrerapena

B-ALEA: Arabako itsasoan barrena

Erabiltzailearen aurpegia (B)ALEA 2024ko ots. 21a, 21:00
Garazi Beramendi, Laura Galar eta Nerea Arriola, podcastaren lehen atalean. ALEA

Datorren astean argitaratuko da, estreinakoz, Laura Galar eta Garazi Beramendik gidatutako B-ALEA podcast formatuko saio berria. Umorea lagun, aurpegi ezagun bat izango da gonbidatua saio bakoitzean.

Bolo-bolo daude podcast saioak gaur egun, eta askotarikoak aurki daitezke han hemen. Historia, misterioa, zinema, literatura... eta, jakina, umorea lantzen duten saio asko argitaratu dira azken boladan. Sareetan bazter guztiak busti dituen olatu horri heldu nahi izan dio ALEAk ere, eta ekoizpen propioko saioa aurkeztuko du aurki.

Gasteizko negu gordinean uda, hondartza eta giro atsegina gure etxeetara ekartzeko ardura izango dute Laura Galar eta Garazi Beramendi aurkezleek. Hasteko, eta bidean itotzen ez bagara, hilabetero argitaratuko da saio berri bat. Auskalo nora eramango gaituen korronteak, baina argi dago bidaia gozatzeko parada izango dugula behintzat.

 

Eta zein izen izango du saio berriak? Ba, ez dugu horren argi B-alea edo Balea izena izango duen azkenik. Argi duguna da zer eskainiko dion saio berri honek entzuleari. ALEA proiektuaren B aldea da B-alea; ALEA kazetaritza proiektuaren atzealdea. Gaurkotasunaren zurrunbilotik aldenduta, ur sakonetan murgiltzeko aukera ematen duen proiektu berria.

Aktualitatetik distantzia hartu eta itsaso barrenean bidaiatzeko elkarrizketa saioa, eta, seguruenik, ALEAn bestela entzun ahal ezingo genituzkeen kontuak entzuteko abagunea izango da.

Hondartza gurean

Nerea Arriola aktore eta irratiko esataria izango da lehen gonbidatua gure arrezifean. Supertxope bezala ezagutu genuen euskal youtuberra, eta ondoren Goazen telesaileko Maitane begirale bezala lortu du oihartzun zabalagoa. Donostiarra izaki, Kontxako bertuteak aurpegiratzera etorriko ote den ikusteko dugu oraindik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide