⛅ EGURALDIA

Elegante

Erredakzioa 2024ko ots. 20a, 08:33

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Atzoko giro eguzkitsua gaur ere errepikatuko da, baina ostegunean aldaketa omen dator, hodei ugarirekin.

Meteorologoak ezustean harrapatu zituen atzoko eguraldiak, eta argi geratu da giro ilunagorako aldaketa atzeratuko dela. Hala, gaurkorako egun eguzkitsua iragarri dute, eta gauera arte ez omen dira agertuko erdi mailako hodei batzuk. Arratsaldean haizeak iparretik egingo du. Tenperaturak antzera ibiliko dira: Gasteizen 3 eta 16 gradu arteko aldea espero da.

Biharko iragarpenari dagokionez, zeru "oso hodeitsua" izango dugula dio Euskalmeten iragarpenak, baina alboan Eguzki erraldoi bat marraztu dute, "oskarbi" hitzarekin. Algoritmoaren nahasmendu bipolarretik harago, AEMETek ere egunaren lehen parterako Gasteizen oso hodeitsu egongo dela dio, eta bigarren partean ere zeru estaliak izango ditugula diote. Haizearen osagai nagusia hegoaldekoa izango da, baina hori gutxi igarriko da tenperaturetan: 3 eta 17 gradu arteko aldea egongo bide da. 

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago