Greba mugagabea abiatu dute anbulantzietako langileek

Erredakzioa 2024ko ots. 19a, 16:00
Anbulantzietako langileen gaurko manifestazioa, Bilbon. Argazkia: ESK

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan azpikontratatutako garraio sanitarioko langileek lan baldintzak Osakidetzakoekin parekatzea eta erosahalmena berreskuratzea exijitu dute.

Azken hilabeteetan pil-pilean izandako lan gatazkaren ostean, astelehen honetan greba mugagabeari ekin diote EAEko azpikontratatutako anbulantzietako langileek, ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta. Guztira, Grup La Pau enpresako 1.500 langile inguru daude lanuzte zein mobilizazioetara deituta; ZIU mugikorrak, berriz, grebatik kanpo daude, Osakidetzaren mendeko zerbitzua baita.

Nagusiki, Osakidetzako langileekiko homologazioa aldarrikatu dute, bai eta erosteko ahalmena berreskuratzea; izan ere, sindikatuen arabera, galera %17koa izan da azken bi urteetan, hitzarmena negoziatzen ari den bitartean. Negoziazio mahaiaren "blokeoa", enpresen "borondate eskasa" eta Osasun Sailaren "gelditasuna" salatu dute sindikatuek.

Grebaren lehenengo egunean, azpikontratatutako osasun garraioko langileen mobilizazioak Bizkaian izan dira: 10:30ean elkarretaratzea egin dute Bilboko Basurtuko Ospitalearen aurrean; ondoren, 11:00etan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino iritsi den manifestazioa abiatu da. Aurretik, tokian tokiko piketeak egin dituzte; Gasteizen, 06:30etik aurrera ibili dira Gamarratik. Nolanahi ere, gutxieneko zerbitzuak %100ekoak dira, eta horrek erabat baldintzatzen du lanuzteen jarraipena.

Datozen egunetan, askotariko protestak egingo dituzte: piketeak, pankartak egiteko eta jartzeko kedadak, manifestazioak, elkarretaratzeak, txokolatadak, informazio banaketa... Gasteizko deialdi nagusiak otsailaren 24an (manifestazioa Ajuria Eneatik Mendizorrotzera, 17:30ean) eta hilaren 28an (manifestazioa Andre Maria Zuriaren plazatik Ajuria Eneara, 10:00etan) izango dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide