Iritzia

Trans Legearen argiak eta itzalak

Ikusgune / Loratuz Lotu 2024ko ots. 16a, 18:00

LGTBI+ komunitateko ordezkariak Legebiltzarrean. Argazkiak: @PVasco_EuskoL

"Sentitzen dugu oraingo honetan talde parlamentarioek ez dutela pertsona ez bitarrak aitortzeko ausardia izan, bere momentuan genero autodeterminazioaren eskubidearen aitorpenarekin izan zuten bezala".

Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko Trans Legearen bigarren aldaketa onartu du, gehiengo zabalarekin. Loratuz Lotu trans helduentzako elkarteak eta Ikusgune Behatokiak (Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokia) legea babestu duten legebiltzar-taldeei eskerrak eman nahi dizkiegu trans eskubideen aldeko konpromisoagatik. Onartutako legeak trans subjektu politikoa aitortzen du, Euskal Herrian lan egiten dugun trans kolektiboak errespetatzen ditu, intersex pertsonak legeztatzen ditu eta trans memoriaren hedapena kontuan hartzen du.

"Legea babestu duten legebiltzar-taldeei eskerrak eman nahi dizkiegu trans eskubideen aldeko konpromisoagatik"

Lehenik eta behin, legearen izenaren aldaketa ospatzen dugu, trans aktibista askorentzat konnotazio patologizatzailea duen "transexual" kontzeptua aldatuz eta trans kontzeptua erabiliz: "Genero identitateagatik ez diskriminatzeko eta trans pertsonen eskubideak aitortzeko" Legea. Trans terminoa onartu den arren, pena da sexu kontzeptuaren erabilera egokia ez dela lortu. 

Hala eta guztiz ere, Loratuz Lotu eta Ikusgunetik sentitzen dugu oraingo honetan talde parlamentarioek ez dutela pertsona ez bitarrak aitortzeko ausardia izan, bere momentuan genero autodeterminazioaren eskubidearen aitorpenarekin izan zuten bezala. Oraingo honetan, estatuko Trans Legearen izapidetzearekin gertatu zen bezala, onartutako legeak hirugarren aldaketa bat beharko du, ez-bitarrak eskubidedun pertsona gisa aitortuko dituena. Loratuz Lotu eta Ikusgunetik iragarri nahi dugu une honetatik bertatik lanean hasiko garela Eusko Legebiltzarrak euskal gizartean dagoen errealitate bat aitor dezan.

LGTBI+ komunitateko ordezkariak Legebiltzarrean. Argazkiak: @PVasco_EuskoL

 

Jarraian, arauan jasotako alderdi batzuk baloratu nahi ditugu:

Pertsona ez bitarrak

Zioen azalpenean "trans pertsonen eskubideak indartu eta sakonduko dituen erregulazio juridiko berri bat hartzeko" beharraz hitz egiten den arren, ikusten dugu horrek ez dituela pertsona ez-bitarrak kontuan hartzen.

"Ezin da sexu-genero sistemarekiko jarrera kritikoa mantendu, gizon/emakume binarismotik haratago beste kategoria batzuk aintzat hartzen ez badira"

Kontraesankorra iruditzen zaigu lege honen 1. artikuluak trans pertsonen bizitzako hainbat esparrutan haien askatasunaren erabilera babesteaz hitz egitea, baina ariketa hori genero binarismora mugatzea, trans kolektiboaren genero autodeterminatua gizon/emakumera soilik mugatuz. Kontraesan hori sakonagoa da 3. artikuluan, "genitalen arabera jaiotzean egin zitzaien gizon edo emakume kategorizazioa" aipatzen duenean, aurrerago lege hori "autodeterminazio askerako eskubidearen arabera arautuko da" esateko. Gure ustez, eskubide horrek ezin ditu pertsonak gizon/emakume kategorietara mugatu behar, eta, beraz, aipatutako artikuluak, bitarrak ez diren pertsonak barne hartzen ez dituenez, askatasuna mugatua da.

Ildo horretan, berriz ere kontraesanean dago pertsona ez bitarrak  ez aitortzearekin 35.5 artikulua, honako hau jasotzen baitu: "Ikasle guztiek hezkidetzan oinarritutako hezkuntza jasotzeko eskubidea dute, hau da, genero estereotiporik gabeko didaktikan oinarritutakoa, baita sexu-genero sistemari buruzko hausnarketa kritikoa egiteko eskubidea ere". Ezin da sexu-genero sistemarekiko jarrera kritikoa mantendu, gizon/emakume binarismotik haratago beste kategoria batzuk aintzat hartzen ez badira.

1. artikuluan, bitarrak ez diren pertsonak aipatzen badira, errekonozimendu txiki bat emanez, hezkuntza eremura mugatzen dena.

"Dibertsitate funtzionala duten pertsonen aipamenik eza ikusten dugu"

Intresekzionalitatea

Nahiz eta legean beste zapalkuntza batzuk jasaten dituzten kolektibo asko jasotzen eta izendatzen diren, genero identitatearekin lotutakoez gain, dibertsitate funtzionala duten pertsonen aipamenik eza ikusten dugu. Uste dugu hori zuzendu egin behar dela lege honen gidaliburu eta erregelamenduetan.

Trans pertsona helduak

Modu positiboan baloratzen dugu adineko transek beren genero identitatea errespetatua izateko duten eskubidea aitortzea, espedienteetan adierazitako izena eta sexua kontuan hartu gabe. Trans eta LGTBI+ kolektiboek urteak daramatzate adinekoei arreta egokia eskatzen, haien genero identitatea, adierazpena eta desioak errespetatzen dituena. Neurri hori aktibismoaren lorpena da, eta gorputza jarri zuten LGTBI+ pertsonekin genuen zorra, gaur egun eskubide handiagoak izan ditzagun, lege honetan jasotakoak bezala.

Memoria

Trans memoria berreskuratzeko eta zabaltzeko ekimenak txalotzen ditugu. Oroimenezko data bat aukeratzekotan, gure ustez ekainaren 10ean ezarri beharko litzateke, Francis Vadillo trabestiaren hilketaren urteurrenarekin batera. Oso beharrezkoa da trans subjektu politikoak, bere elkarte eta kolektiboetan antolatuta, ekimen horien garapenean parte hartzea.

Transfobia

"Ezinbestekoa da trans existentzia ukatzen duten, haien borroka barregarri uzten duten edo giza eskubideak mugatu nahi dituzten adierazpenak baztertzea"

Oso garrantzitsua iruditzen zaigu transfobiaren aurkako borroka trans kolektiboekin batera egitea, haien ikusgarritasuna eta ahalduntzea sustatuz. Gainera, lege honen bidez ikerketa bultzatuko da "trans pertsonen sexu edo genero identitatea ukatzen duten teoria eta ideologiak" saihestuz. Neurri hori bereziki egokia da, azken urteotan jasaten ari garen indarkeria trans-gorrotatzailearen testuinguruan. Ezinbestekoa da trans existentzia ukatzen duten, haien borroka barregarri uzten duten edo giza eskubideak mugatu nahi dituzten adierazpenak baztertzea.

Era berean, 7-J artikuluan jasotako neurriak oso garrantzitsuak dira, etxean transfobia indarkeria jasaten duten zenbait gazteentzat bereziki.

Horrekin batera, oso beharrezkotzat jotzen dugu bazterkeria arriskuan dauden trans pertsonentzat gizarteratzeko eta gizarte arretarako jarduera programa bat egitea. Trans pertsonak, bereziki trans emakumeak, kolektiborik zapalduena dira, lan merkatutik kanporatuak, oso egoera zailetan biziraun behar dutenak. Adineko pertsonak aintzat hartu behar dira, behartasun egoeretan bizi baitira askotan.

LGTBI+ komunitateko ordezkariak Legebiltzarrean. Argazkiak: @PVasco_EuskoL

 

Osasun gida

Ezinbestekotzat jotzen dugu gida berri bat egitea, egungoa ordezkatuko duena, trans pertsonen parte-hartzearekin, osasun profesionalentzat tresna izango dena.

"Bitarrak ez diren pertsonek eta dibertsitate funtzionala dutenek gainerako transen berme berberekin arreta izateko aukera izan behar dute"

12.2 artikuluaren arabera, osasun arreta "askatasunez adierazitako sexu identitatea aitortzeko eskubidearen" arabera arautuko da. Eskubide hori ez da mugatu behar, Loratuz Lotu eta Ikusguneren iritziz; bitarrak ez diren pertsonek eta dibertsitate funtzionala duten pertsonek Osakidetzan gainerako transen berme berberekin arreta izateko aukera izan beharko baitute.

Gainera, gida hau etengabe berrikusten eta ebaluatu beharko da, pertsona transen kolektiboen eskaerei erantzunez. Izan ere, kolektibo horiek etengabe eguneratzen eta jardunbide txarrak zuzentzen lan egingo dute, eta, gainera, erabat betetzen direla bermatuko dute.

Osasun arreta

Berri ona da hurbileko arretarako eskubidea aitortzea, alferrikako joan-etorriak eta gastuak jasan gabe. Ospitaletik gertu bizi ez diren eta baliabiderik ez duten pertsonak Gurutzetako Genero Unitateraino joatea arazo bat da, eta horren berri ematen ari gara hainbat kolektibok; horrek baliabiderik gabeko trans pertsonen eskubideak mugatzen ditu. Pertsona guztien arreta bermatu behar da, eta etxetik gertuko arreta bermatu ezin bada, haien mugikortasuna erraztu beharko da.

"Etxetik gertuko arreta bermatu ezin bada, haien mugikortasuna erraztu beharko da"

Loratuz Lotu eta Ikusguneren iritziz, funtsezkoa da profesional guztien etengabeko prestakuntza, lege honen 5. artikuluan jasotzen den bezala, bereziki baliotsua izango da Osakidetzako langileen prestakuntza. Transei eskaintzen zaizkien zerbitzu medikuetan, ezagutza handiagoa behar da trans pertsonek urteetan zehar pairatu dituzten  albo-ondorioei buruz. Aldi berean; tratamenduetako eta kirurgietako bilakaera medikuak eguneratuta egon behar du beti, trans pertsonei arreta hobea eman ahal izateko. Trans pertsonek, osasun-interbentzioetan beren osasunerako arriskuei buruzko informazio guztia izan beharko dute.

Lan arloa

Egokitzat jotzen dugu trans enplegagarritasuna errazteko ekintza positiboko neurriak hartzea. Neurri horiek martxan jartzeko, trans pertsonen kolektiboek eta sindikatuek parte hartu beharko dute. Hainbat ekimen sindikal jarri dira abian gure herrian lan munduko transfobiari aurre egiteko. Kolektibo eta sindikatuen arteko lankidetza hori, orain ere erakundeekin batera, ezinbestekoa da lan-transfobiari heltzeko.

Lan arloko transfobiari aurre egiteko, agente guztiek parte hartu behar dute: trans pertsonek, enpresa batzordeek eta enpresek. Lanean, trans eskubide guztien errespetua bermatuko duten ekimenak aktibatu behar ditugu.

Kirola

Lege honetan generoetan banatu gabeko kirol inklusiboaren alde egindako apustua nabarmendu nahi dugu, kirolarien eskubidea aitortzen baita diren moduan tratatuak eta izendatuak izateko, aldagelak erabiltzeko eta genero auto-zehaztuaren arabera lehiatzeko.

Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia eta Loratuz Lotu trans helduentzako elkartea

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago