Martxorako bi greba egun deitu dituzte EHUn

Erredakzioa 2024ko ots. 16a, 13:00

EHUko irakasle eta ikertzaileen prentsaurrekoa, Gasteizko Campusean. Argazkia: LAB

EHUko irakasle eta ikertzaileak martxoaren 6an eta 12an greba egitera deitu dituzte ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek, Jaurlaritzaren eta zuzendaritzaren "itxikeriaren" aurrean.

Gehiengo sindikalak beste greba bat deitu du sektore publikoan martxoaren 12rako, urriaren 25ean eta abenduaren 19an egindakoen ostean. Greba deialdi horrekin bat egitera deituta daude EHUko irakasle eta ikertzaileak, bai eta unibertsitate publikoko langile guztiak ere. Horrez gain, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek beste lanuzte bat deitu dute aurreko asterako, martxoaren 6rako.

"Ikasturte honetako lehen lauhilekoan greba egitera eta mobilizatzera bultzatu gintuzten arazo gehienek beren horretan diraute bigarren lauhilekoaren hasieran", deitoratu dute sindikatuek. Azaldu dutenez, azken asteetan negoziazio mahaiaren bi bilera izan dituzte, baina Errektoretza "erabat itxita" agertu da sindikatuen proposamenen aurrean. Bitartean, Jaurlaritzaren jarrera "pasiboa eta onartezina" izan dela diote.

Grebaren deitzaileen arabera, EAEko unibertsitate publikoan "egiturazko arazoak" daude eta langile kolektibo batzuen lan baldintzen "prekarizazioa gero eta larriagoa da, finantzaketa falta erroko arazoa izanik". Horren aurrean, sindikatuen aldarrikapen nagusiak dira, besteak beste, irakasle ordezkoen baldintzak hobetzeko neurriak, langile guztien erosahalmena berreskuratzea, lan zama murriztea, eta, oro har, unibertsitatearen finantzaketa handitzea.

Soldatak "EHUn bertan" negoziatzea eskatu dute, beste neurri batzuen artean irakasle eta ikertzaileek 2006tik izoztuta dituzten osagarri gehigarriak eguneratzeko; izan ere, salatu dutenez, horrek %30etik gorako balioaren galera ekarri du.

"Errektoretza taldearen jarrera murriztailearen eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera immobilistaren aurrean, EHUko irakasle eta ikertzaileok mobilizatzen jarraitu beharko dugu lan baldintza egokien defentsan", aldarrikatu dute hiru sindikatuek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago