Babestutako edukia

Aukera berdintasuna jokoan

Erredakzioa 2024ko ots. 17a, 10:00
'Hezkuntza publikoa, denona eta denontzat' du goiburu Steilas sindikatuak matrikulazio kanpainan. STEILAS

Matrikulazio garaian, Hezkuntza sailaren "gardentasun falta" salatu du Steilas sindikatuak, "ezberdintasun sozialak" areagotzen dituen sistema bat sustatuz, eskola publikoaren kaltetan.

Hilaren 23ra arte, zabalik da aurrematrikulazioa eskola publikoan eta itunpeko sareko ikastetxeetan, eta gertutik jarraitzen ari dira Steilas-en, irakasleen artean gehiengoa duen sindikatuan. Jaiotza-tasa jaisten ari den testuinguru honetan, adi begiratzen diete Arabako zenbait eskola publikori, ikasgelak itxiko ote dituzten kezkaz. "Gure ustez, kalitatezko hezkuntza publikoa behar du gizarte honek, eta esango genuke badagoela, baina, era berean, gurasoek umeak publikoan matrikulatzea garrantzitsua da, gizarteak ere behar duelako", aipatu du sindikatuko Peio Salazarrek. Bastida, Maeztu, Oion, Kanpezu eta Amurrion, esate baterako, "estu" ibiliko dira ikasgelak betetzeko hurrengo ikasturtean, eta eskaintza pribatua eta publikoa dute lehian udalerri askotan. 

"Eskola publikoak funtzio asko ditu; euskalduntzea, besteak beste, baina aukera berdintasuna bermatzen duen bakarra da", gaineratu du Zuriñe Estibarizek. Sindikatuak berak garai batean egindako ikerketa baten arabera, hamasei urteko gazteek desberdin irudikatzen zuten etorkizuna, matrikulatuta zeuden eskolaren arabera. "Haien eskolan segregaziorik ez bazen, edozein gauza ikasteko aukera izango zutela aurreikusten zuten, etorkizun polit bat irudikatzen zuten; segregatutakoetan, berriz, ikasketarik behar ez duen lanen bat izango zutela imajinatzen zuten", gogoratu du Salazarrek.  "Jende askoren etorkizuna jokoan" dagoela azpimarratu du Estibarizek, eta euskal eskola publikoa ardatz duen eredua defendatu. 

"Publikoa da aukera berdintasuna bermatzen duen eskola bakarra"

Zuriñe Estibariz, Steilas

Sindikatutik matrikulazioaren jarraipena egiten ari dira, baina zailtasunak dituzte horretarako. "Oraintxe bertan, ez dakigu zein den eskaintza, ez publikoan ez itundutakoan; eskolaz eskola ibili behar dugu zer eskaintzen duten galdezka". Eskaintzari zuzenki lotuta doa matrikulazioa, ezin da kopuru hori gainditu, baina datuen "gardentasun faltak" zaila egiten du jarraipen hori, sindikatutik salatu dutenez. "Bitxia da. Adibidez, aurreko ikasturtean Hezkuntza sailak erabaki zuen Ikasbidea eskolak bi lerro eskaintzea, hiru izateko lekua izanik. Zergatik Aranbizkarrak bakarra eskaini zuen bi lerro izanda?".

Eskaintzarekin batera, zaurgarritasun indizea eta banaketaren inguruko datuak ere eskatu dituzte sindikatutik. Iaz, Amurrion izan zen "mugimendu bitxia" gogoratu dute. Zaurgarritasun tasa gainditzen zelakoan, Zabalekora joan ziren 11 umeetatik bat mojen eskolara bideratu zuten. "Hala, 10 umerekin klase bat izateko nahikoa ez denez, bi eta hiru urteko gelak batu zituzten Zabalekon; eta eskola bat ituntzeko gutxienekoa lortu zuten mojen eskolan: 13 ume".

Matrikula "bizia" edo epez kanpoko matrikulen jarraipena ere egiten dute sindikatuan, "oztopoak" izan diren arren. Iaz, EAEn 5.000 ume inguru izan ziren, eta aurten, ikasturte erdian, dagoeneko gainditu da kopuru hori. "Ez dakigu zer egiten ari diren. Gaia jorratzen duen batzordean egotea eskatu dugu, entzule moduan bada ere, eta ez digute baimenik eman". Matrikulazioen inguruko "iluntasuna" argitzeko eskatu diote Jaurlaritzari.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide