⛅ EGURALDIA

Azken eguzki printzak

Erredakzioa 2024ko ots. 14a, 10:04

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Asteazken partez eguzkitsua izango dugun arren, bihartik aurrera estaliago egongo da, eta ostegun arratsaldean euria egin dezake.

Atzoko eguraldiaren segida izango da gaurkoa: goizean goizeko lainoen ostean, hodeiak eta ostarteak izango ditugu. Eolo ere berdinetan ibiliko da, eta batez ere hegotik egingo du ufa, aparteko indarrik gabe. Tenperaturak nahiko epel mantenduko dira, Gasteizen 5 eta 18 gradu artean ibiliko direlarik.

Bihar, berriz, aldaketa igartzen hasiko da, eta zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Are, arratsaldean euri txikia egin dezake. Haizeetan ere aldaketak datoz: hego zein hego-mendebaldeko osagaian mantenduko den arren, askoz biziagoa izango da, eta bolada gogorrak izango omen ditu. Momentuz, aldaketa ez da tenperaturetara iritsiko, ia-ia berdinetan mantenduko baita eguneko tartea: 6 eta 18 gradu artean.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago