Eztarriz sano ibili dira arabarrak Santa Ageda bezperan

Erredakzioa 2024ko ots. 5a, 11:00

Jendetza bildu da Zabalgana auzoko deialdian. Argazkia: Mitxel Elortza

Herriz herri eta auzoz auzo, asteburu osoan zehar eta bereziki igandean, makilez hornitutako ehunka lagun kalera atera dira Santa Ageda bezpera ospatzeko. Abesbatzek, ikastetxeek eta auzokide taldeek askotariko deialdiak antolatu dituzte Araba osoan zehar.

ARGAZKIAK ETA BIDEOAK

ZERGATIK OSPATZEN DUGU SANTA AGEDA?

Otsailaren 5ean da Santa Ageda, Agata Cataniakoaren omenezko eguna, eta otsailaren 4an, bezperan, ospatzen da urtero. Emakumeen zaindaritzat hartzen da Santa Ageda, eta ohitura da bezperan kopla zaharrak kantatzea eta makilekin lurra jotzea erritmoa markatzeko. Diru edo janari eskean, jantzi tradizionalekin eta kriseiluarekin kalera ateratzea da ohituraren parte.

 

Santa Ageda edo Agate Deuna 235. urtean jaio zen Catanian, Sizilian. Tradizioak dioenez, Kintziano enperadorearen asmo eta nahiei aurre egin zien Agatak, eta horregatik hiltzera kondenatua izan zen 252ko otsailaren 5ean; bularrak moztu zizkioten eta hil arteko torturak sufritu zituen. Gerora, Eliza Katolikoak santu izendatu eta otsailaren 5a aukeratu zuen bera omentzeko.

Hala ere, ospakizuna kristautasuna zabaldu aurreko garaietan dago sustraituta. Aditu batzuen ustez, Agataren inguruko festek zerikusi handia dute inauteriekin, inauste edo kimatze garaiko erritoekin. Neguko solstizioaren ondoren, eguna luzatzen hasten denean, zuhaitz adarrak kimu berritzen hasten dira eta orduan izaten da zuhaitz adarrak inausteko garaia.

Naturaren esnatzea ospatzeko, mutilak kopla kantari ibiltzen ziren etxez etxe, janari eske; ondoren, bildutakoarekin afaltzen zuten mutil eta neska denek batera.

Kristautasuna Euskal Herrira zabaldu zenean, Santa Agata eguna ezarri zuen, beste ospakizun askorekin egin bezala. Elizak errito eta ospakizunak bereganatu eta itxura berri bat eman zien orduan. Erritu zaharren eta kristauen arteko nahasketak ekarri zuen gaur egungo ospakizuna.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago