2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa

Oionen jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketaren bigarren final laurdena

Erredakzioa 2024ko ots. 2a, 14:00

Oionen arituko diren sei bertsolariak. Argazkiak: Arabako Bertsozale Elkartea

Igande honetan Manex Agirre, Xabi Igoa, Rikardo Gonzalez de Durana, Orlando Arreitunandia, Aroa Arrizubieta eta Maddi Agirre arituko dira Oiongo zineman.

Arabako Bertsolari Txapelketaren XVI. edizioa aurrera doa, lehen txapelketa jokatu zenetik 40 urte bete diren urtean. Lehen finalerdian Peru Abarrategik Izarran lortutako garaipenaren ostean eta Laudion izango den lehen faseko azken saioaren aurretik, igande honetan, otsailaren 4an, Oiongo zinema aretoan jokatuko da bigarren final laurdena, 17:30etik aurrera.

Kantatuko duten bertsolariak honako hauek dira:

  • Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio): 2000ko Arabako Eskolarteko txapelduna; 2010, 2018 eta 2020ko Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketan, Aramaioko talde txapeldunetako kide izan zen (Xabi Igoarekin batera). Euskal Herriko 2013 eta 2022ko Txapelketa Nagusian parte hartu zuen. 2011 eta 2015eko Arabako Bertsolari Txapelketetan txapeldun.
  • Xabi Igoa Eriz (Aramaio): 2010, 2018 eta 2020ko Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketan, Aramaioko talde txapeldunetako kide izan zen (Manex Agirrerekin batera). Arabako Bertsolari Txapelketako finalista izan da 2015ean, 2017an, 2019an eta 2022an.
  • Rikardo Gonzalez de Durana Alzola (Oreitia): 2010eko Kuadrilla arteko Txapelketan Kakiturri taldean finalista. 1984an, Arabako I. Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen.
  • Orlando Arreitunandia Arinas (Mutriku/Bastida): Umetan etxean bertsozaletua. 1994an, Mutrikuko bertso-eskolan ikasle Aizpurua eta Jon Azpillaga irakasle zituela. Arabako Bertsolari Txapelketan eta Kuadrilla artekoan partaide; plazetan dihardu.
  • Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz): 2016, 2017 eta 2019an Arabako Eskolartekoa irabazi zuen. 2017an Euskal Herriko Eskolartekoa irabazten duen lehenengo arabarra izan zen. 2019an parte hartu zuen lehen aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan, eta finalista izan zen.

Gai emailea Eli Plazaola Zubizarreta (Zumarraga/Kanpezu) izango da. Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke, saioaren eguneko 16:30ak arte. Sarrerarik geldituko balitz, 16:40an zabalduko litzateke txarteldegia. Aretoko ateak 17:10ean irekiko dituzte.

ARABAKO XVI. BERTSOLARI TXAPELKETA

Urtarriletik martxora arte luzatuko da aurtengo txapelketa. Lehen saioa urtarrilaren 28an izan zen, eta txapelketa borobiltzeko finala martxoaren 16an izango da Gasteizko Principal Antzokian. Ordura arte, hiru final laurden eta bi finalerdi jokatuko dira; hau da, guztira sei saio izango dira:

  • Final laurdenak:
    • Urtarrilak 28, igandea: Izarra (jokatuta)
    • Otsailak 4, igandea: Oion
    • Otsailak 11, igandea: Laudio

  • Finalerdiak:
    • Otsailak 24, larunbata: Aramaio
    • Martxoak 2, larunbata: Dulantzi

  • Finala: martxoaren 16an, larunbatean, Gasteizko Principal Antzokian

Guztira, Arabako hemezortzi bertsolari abiatu dira txapelketaren XVI. edizio honen lehenengo fasean, final laurdenetan: alde batetik, 2022ko txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistak; bestetik, 2023ko udazkenean jokatutako kanporaketetan puntuazioaren arabera sailkatutako lehenengo hamahiruak.

Martxoaren 16ra artekoa izango da bidea. Helmugan ere bada berrikuntza: Principal antzokira itzuliko da finala. Finalerdietara hamabi bertsolari igaroko dira, eta, ohi bezala, sei bertsolari iritsiko dira finalera. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.

Hamahiru gai-egile eta emailek eta bederatzi epailek osatzen dute aurtengo lantaldea, antolakuntzako inurri lanean arituko direnak ahaztu gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago