600 sinadura baino gehiago Aramaioko parke eolikoaren kontra

Erredakzioa 2024ko urt. 31a, 18:03

Asier Agirre Aramaioko alkatea eta Oihana Ameskua Aramaixo Bizirik plataformako kideek hartu dute hitza. Argazkia: Aramaioko Udala

Etengabeko hazkundea eta energia kontsumo eredua "eztabaidaren erdigunera" ekarri behar direla nabarmendu dute herrian egindako agerraldian.

Itsaraz proiektuaren inguruan Aramaioko herritarrek zuten iritzia jaso zuten iaz, Aztikerren gidaritzapean, eta emaitzek erakutsi zuten herritarren artean Statkraftek instalatu nahi duen parke eolikoak kontrako jarrera asko dituela. Haren ondorioz, Udalak Ez gaude ados izenpean mozio testu bat aurkeztu zuen.

Testuarekin bat egiteko, sinadura bilketa aktibo egon da abendua eta urtarrilan zehar, 16 urtetik gorako herritarrentzat, eta 633 sinadura bildu dituztela nabarmendu dute. Balorazio positiboa egin dute Asier Agirre Aramaioko alkateak eta Oihana Ameskua Aramaixo Bizirik herri plataformako kideak, eta prozesu honetan parte hartu duten herritar guztiei eskerrak eman.

Prentsaurrekoan azpimarratu dute sinadura bilketak erakutsi duela Aramaioko herritarrek ez dutela makroproiektu hori nahi haien mendietan eta ez daukala herritarren babesik. Hau kontuan hartuta, Aramaiotik, proiektuaren sustatzaile nagusi den Statkrafti, eta Kreani dagokion neurrian, galdegin diote "bertan behera utz dezatela proiektua".

Trantsizioaz ari direnean, etengabe trantsizio energetikoa aipatzea "ikuskera murriztailea" dela esan dute. "Eraldaketa ekosozialaz aritzeko orduan etengabeko hazkundea, energia kontsumo eredua, elikadura burujabetza... ere eztabaidaren erdigunera ekarri beharko lirateke", azpimarratu dute. "Biodibertsitatearen zaintzari behar duen garrantzia emanez".

Aramaioko zentral eolikoaren auzia ez da kontu edo arazo lokal bat, euren esanetan, "aitzitik, mendialdeko herri asko eta asko zeharkatzen dituen errealitatea da", eta mendien zaintza eta babesa jendarte guztiari dagokiola gogoratu dute. "Ez da bidezkoa Aramaio moduko herri txiki bati EAEko industria poligono eoliko handiena inposatzea eta ingurumen sentsibilitate altuko eremu bat guztiz txikitzea jasangarritasunaren izenean".

Asier Agirre Aramaioko alkateak aipatu du "bestelako trantsizio energetiko" baten aldeko apustua egiten dutela Aramaion, uste baitute bizi dugun larrialdi klimatikoari aurre egiteko, etengabeko hazkundea eta energia kontsumo eredua eztabaidaren erdigunera ekarri behar direla, eta biodibertsitatearen zaintzari behar duen garrantzia eman behar zaiola. "Horretarako, Aramaiok baditu nahikoa errekurtso eta aukera proiektu energetiko propioak garatzeko".

Bideoa: Goiena.eus

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago