Paul Urkijo sarituko dute Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdian

Erredakzioa 2024ko urt. 30a, 12:30

Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren aurkezpena. Argazkia: Intujai Teatro

2024ko Urrezko Kalabaza saria zinemagile arabarrari ematea erabaki du Intujai Teatro taldeak, "bere filmetan euskal iruditeria modu bikainean eta arrakastatsuan islatzen" jakin izan duelako.

Otsailaren 16tik martxoaren 27ra bitartean, Ahoz Aho - Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia antolatuko du Intujai Teatro antzerki konpainiak. XVII. edizioaren gune nagusiak Gipuzkoako bi herri izango dira, Tolosa eta Ordizia; baina, horrez gain, Gipuzkoako 20 herri baino gehiagotara iritsiko dira nazioarteko 25 artista baino gehiagoren 50 ikuskizunak.

Urtero bezala, jaialdiaren azken egunean, Euskal Kontalarien Topaketaren barruan, Urrezko Kalabaza Saria banatuko dute. Eta oraingoan Paul Urkijo zinemagile arabarrari emango diote. "Bere filmetan euskal iruditeria modu bikainean eta arrakastatsuan islatzen jakin izan du, euskal ipuin tradizionalen mundu magikoa publiko zabalera ezagutaraziz, Euskal Herrian zein nazioartean. Eta hori guztia euskaraz egin du", azpimarratu dute antolatzaileek, Errementari eta Irati filmen zuzendaria saritzeko "sobera arrazoi" direla azpimarratuz.

Urrezko Kalabaza norbanako zein elkarteei eskaini ohi die Intujai Teatrok, "beren sormen edo kultur jardunean ahozkotasunak hartzen duen garrantzia eta hedapena" aitortzeko. Orain arte, esaterako, Juan Kruz Igerabide (2019), Ahotsak.eus egitasmoa (2020), Itziar Zubizarreta (2021), Ataungo Jentilbaratza elkartea (2022) eta Anjel Lertxundi (2023) izan dira sarituak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago