Esti Urresola zinegile arabarraren 20.000 especies de abejas filmak sariak jasotzen jarraitzen du. Feroz sarietan oraingoan, Espainiako prentsa espezializatuak ematen dituen aitortzetan, pelikula dramatiko onenaren eta lantaldeko emakumezko aktore onenaren sariak jaso ditu; Patricia Lopez Arnaizek irabazi du aktorearena, jasotzen duen hirugarren Feroz saria, oraingoan Coco izeneko neskatoaren ama gisa egindako lanagatik.
Urresolak "intimitatea" partekatu duten familiei eskaini die saria. "Horien guztien zatitxoak daude pelikulan", eta "guztiok kabitzen garen mundu bat" aldarrikatu du. Berlinalean hasi zuen ibilbidea pelikulak, arrakastaz, Sofia Otero gazteari eman zioten aktore protagonista onenaren sariarekin, eta geroztik kritika eta publiko aitortza ugari jaso ditu. Besteak beste, Forque eta Feroz sarien ostean, Espainiako zinema akademiak banatzen dituen Goya sariak izango dituzte hurrengo geldialdia, otsailaren 10ean.
La Mesías
Prentsa espezializatuak bart gauean banatutako aitortzen artean, bestalde, Javier Calvo eta Javier Ambrossiren La Mesíasek telesail dramatiko onenaren saria eta beste bost gehiago eskuratu ditu, Pablo Berger bilbotarraren Robot dreams pelikulak komedia film onenaren saria, eta J. A. Bayonaren La sociedad de la nievek bi sari eskuratu ditu.
🏆 El equipo de ‘20.000 especies de abejas’ recoge el Premio Feroz a mejor película dramática #Feroz2024 pic.twitter.com/jdGG6q9jwH
— Premios Feroz (@PremiosFeroz) January 26, 2024