'Handia' eta 'Yoyes' klasikoak, Zinemastearen 40. urteurrenean

Erredakzioa 2024ko urt. 26a, 13:25

Argazkia: 'Handia' pelikula.

40. urteurrena ospatzeko, Vital Fundazioak atzerabegirako bat antolatu du jaialditik igaro diren film luze eta film laburrekin, urtarrilaren 31tik aurrera.

Lau hamarkada igaro dira Gasteizen euskal zinemari eskainitako ziklo bat antolatzeko ideia izan zuenetik. Eta, harrezkero, otsaileroko hitzordua izan da Euskal Zinemaren Astea, euskal profesionalek aurreko urtean egindako edo ekoitzitako lan zinematografiko onenen eskutik. 40. urteurrena ospatzeko, Vital Fundazioak atzerabegirako bat antolatu du jaialditik igaro diren film luze eta film labur onenekin.

Protagonistak eta ondorengo solasaldia ere izango dira, hitzordu honen bereizgarriak. Emanaldiak asteazkenetan izango dira, urtarrilaren 31n, otsailaren 7an, 14an eta 21ean, 19:30ean, Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua, Gasteiz), eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.

Lehen pelikula hauen ostean, Euskal Zinemaren Asteak otsailaren amaieran ospatuko du bere ohiko astea, iaz ikusi diren pelikula onenekin. Gainera, hainbat nobedade izango ditu; aldaketa horietako bat jaialdiaren izena izango da, edizio honetatik aurrera Zinemaste izango baita, iraganean izan zuen izen hori hainbat ediziotan eta Vital Fundazioak berreskuratu egin du orain, zinemaren sektoreari ematen dion babesa sustatzeko. "Berrogei urte joan dira euskal zinemaren alde lanean, sektoreko profesionalei laguntzen, gure herrian egindako ekoizpenei ikusgarritasuna ematen eta jaialdi honetan hasieratik interes handia erakutsi duen ikusle-komunitatea sortzen".

Egitaraua

Atzerabegirakoa datorren asteazkenean hasiko da, urtarrilaren 31n, Mirentxu Loyarteren Irrintzi film laburraren (1978) eta Pedro Olearen Akelarre film luzearen (1984) eskutik.

Irrintzi Franco hil ondoren Espainiako trantsizioan kokatutako euskarazko film esperimental bat da, eta Euskal Herriaren nortasuna aztertzen du. Dantza tradizionalak dantzatzen ari diren gizonezkoek eta emakumezkoek eta irudi estatikoak uztartzen ditu, eta ikuslea sorkuntza honetatik nabigatzera gonbidatzen dute. Akelarre filmak, bestalde, Silvia Munt, Jose Luis Lopez Vazquez, Mary Carrillo, Patxi Bisquert eta Felix Roteta ditu protagonista. XVII. mendean girotua, Nafarroako herrixka txiki batean, jaun feudal batek, inkisidore baten laguntzarekin, sorginkeria eta paganismoa desagerrarazteko gurutzada bati ekingo dio. Filma 1595ean Araitz bailaran gertatu zen benetako sorginkeria prozesu batean oinarrituta dago. ​

Otsailaren 7an, bigarren egunean, Ane Muñozen El salto de Beamon film laburra (2004) eta Helena Tabernaren Yoyes film luzea (2000) emango dituzte.

Bob Beamonen jauzi handiak, Mexikoko 68ko Olinpiadetan, markatu zituen Leireren udako oporrak… Ignacio Gimenez Rico argazki-arloko lanetan, Fermin Muguruzaren musika eta Lien Zalakain, Nahia Salaberria eta Anartz Zuazua aktore. Yoyes filma Dolores Gonzalez Catarain militante etakidearen bizitzan eta hilketan oinarrituta dago. Rol nagusietan Ana Torrent eta Ernesto Alterio aktoreak dira.

Otsailaren 14an Borja Corbeagaren Éramos pocos (2005) eta Julio Medemen Los amantes del círculo polar (1998) izango dira hitzordu horretako protagonistak.  

Film laburrean, aita bat eta semea ez dira etxeko lanak egiteko gai. Amak abandonatu egingo ditu, oso baldarrak direlako, eta amona zahar-egoitzatik ateratzea bururatuko zaie. Maribi Bilbao, Ramon Barea eta Alejandro Tejeria dira aktore nagusiak. Alberto Iglesiasek jarri zion musika Julio Medemen Los amantes del círculo polar filmari, eta lanak Goya sari bi irabazi zituen, soinu bandarena eta muntaia onenarena, hain zuzen ere. Najwa Nimri eta Fele Martinez dira filmeko Ana eta Otto, eta zortzi urte zituztenetik hogeita bostera bitarteko maitasun istorio sutsu eta sekretua kontatuko dute.

Otsailaren 21ean Tucker Davilaren Los 4 McNifikos film laburrak (2010) eta Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia film luzeak (2017) esango diote agur atzerabegirako honi.

Erandio, Bilboko kanpoaldean dagoen herri txiki bat esnatzen ari da. Duela 30 urte, hiru mutil beren kale gogorretan hazten ari ziren, 70eko hamarkadaren amaierako New Yorkeko break dancer-en mugimendu ezaguna sartuz: Jon, Pedro eta Xabier, gaur egun 4 McNifikos izenaz ezagunagoak direnak. Eta Handia da, zalantzarik gabe, euskal zinemako film sarituenetako bat, hamar Goya baititu, film onena barne, baita Epaimahaiaren Sari Berezia Donostiako Zinemaldian ere, beste sari askoren artean. Euskaraz filmatua, Miguel Joaquin Eleizegui Arteagaren bizitzan oinarrituta dago. XIX. mendeko gizona zen, eta erraldoitasuna zuen. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago