⛅ EGURALDIA

Haizetsu, eta hozteko bidean

Erredakzioa 2024ko urtarrilaren 18a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Haizete indartsuak direla eta, alerta laranja eman dute. Bihar egun hotza izango dugu.

Hego-mendebaldeko haizete oso indartsuekin hasi da osteguna, eta Euskalalmetek goizeko bederatziak arte alerta laranja emana du horregatik. Haizeguneetan 120 km/h arteko abiadura kalkulatu dute meteorologoek. Arratsaldean indarra galduko duelakoan daude. Gainerakoan, zeru hodeitsuak izango ditugu, eta batez ere arratsaldean euria egin dezake. Tenperaturen tartea Gasteizen 5 eta 15 gradu artekoa izango da.

Ostiralari dagokionez, hotza berriro bueltan izango da, eta baliteke elurra izatea ere. Zerua oso hodeitsu edo estalita geratuko da, eta euria egin dezake. Elur kota mila metrotik gora kalkulatu du Euskalmetek, eta egunak aurrera egin ahala jaitsiko dela dio. AEMETek agertoki zailagoa marraztu du: agentzia horren arabera egunaren lehen partean 500 metroan egongo da elur kota, baina bigarren partean 100 metrora jaitsiko omen da. Halere, ordurako ez da espero prezipitaziorik. Hala izanik ere, hotza nabaria izango da, eguneko tartea -2 eta 5 gradu artean geratuko baita.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago