Iraultza 1921, Indarkeriaren aurkako Batzordearen jomugan

Erredakzioa 2024ko urt. 17a, 18:00

Alaveseko hintxadaren kalejira bat. Argazkia: IRAULTZA 1921

Kiroleko Indarkeriaren aurkako Batzordeak 40.000 euroko isun proposamena ezarri dio Alavesi, Iraultza 1921 taldearen muralak, grafitiak eta pegatinak ez kentzeagatik.

Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak ohar bidez jakinarazi duenez, Kiroleko Indarkeriaren, Arrazakeriaren, Xenofobiaren eta Intolerantziaren aurkako Estatuko Batzordearen Batzorde Iraunkorrak hainbat zigor proposatu ditu Ligako hainbat talderentzako: Athletic, Alaves, Atletico Madril, Burgosi, Rayo Vallecano eta Osasuna. Halaber, kirol esparruetara sartzea debekatu die Athletic, Racing, Oviedo eta Rayo Vallecanoko zenbait zaleri.

Alavesen kasuan, Kiroleko Indarkeriaren aurkako Batzordeak 40.000 euroko zehapen larrirako proposamena ezarri dio Deportivo Alavesi, "Iraultza 1921 talde erradikal eta biolentoa sustatzen duten aipamen guztiak —muralak, grafitiak eta pegatinak— kirol esparrutik ez kentzeagatik". Batzordearen arabera, Alaveseko hintxadako kideek "19/2007 Legearen aurkako arau-hauste ugari" egin dituzte.

"Debekatuta dago klub bateko jarraitzaileen talde edo kolektibo bati edozein motatako laguntza, estaldura, azpiegitura edo baliabideak ematea, alde batera utzita nortasun juridikoa duen ala ez, peña edo elkarte gisa formalizatuta dagoen edo ez, talde hori, haren jarduerak eta arduradunak Erregistro Liburuan agertzen ez badira, edota inoiz 19/2007 Legean tipifikatutako arau-hausterik egin badute".

Indarkeriaren aurkako Batzordeak gogora ekarri duenez, Alavesek hamaika zigor proposamen jaso ditu "Iraultza 1921 ultra taldeari laguntza edo sustapena emateagatik".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago